Politika -

Aberri Eguna 2023

Subiranotasuna eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko dituzte EAJk eta EH Bilduk ekitaldi banatan

"Autogobernu-esparru berriaren" aldarria egingo dute jeltzaleek Bilbon; koalizio independentistak, berriz, Iruñean izango du bere ekitaldi nagusia, "euskal estatuaren" alde eginda.

2022ko Aberri Egunaren EAJren ospakizuna. Argazkia: EFE
2022ko Aberri Egunaren EAJren ospakizuna. Argazkia: EFE
2022ko Aberri Egunaren EAJren ospakizuna. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aberri Eguna ospatzeko ekitaldi bana egingo dute igande honetan EAJk eta EH Bilduk. Banatuta ospatuko dute eguna baina aldarrikapen komunak izango dituzte: subiranotasuna eta erabakitzeko eskubidea, hain zuzen ere. 2023ko Aberri Eguna ospatzeko Bilbo aukeratu dute jeltzaleek, eta Iruña EH Bildu koalizioak.

Alderdi ez abertzaleek ez dute aparteko ekitaldirik izango baina Podemos Euskadik agiria kaleratu du gaurko egunaren harira. "Aberriaren" identitate-kontzeptutik urruntzen den agiria kaleratu du, herritarrak babesteko beharrezkoak diren zerbitzu publikoak aldarrikatuz.

EAJ, Bilbon

Azken urteetan bezala, Bilboko Plaza Berrian egingo dute jeltzaleek Aberri Egunaren ekitaldia, aurten, "Gure izaera, gure aberria" lemapean. 11:30etatik aurrera, Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidenteak eta Iñigo Urkullu lehendakariak parte hartuko dute. 180 metro karratuko agertokian, buruzagi jeltzaleekin batera, 80 barne-kargu eta alderdiaren ordezkari instituzional inguru izango dira.

Mila bat aulki jarriko dituzte, baina militante eta jarraitzaile gehiago biltzea espero da. EAJk, urtero bezala, "euskal aberria" aldarrikatuko du, eta "etorkizuna erabakitzeko eskubidea". Hortaz, "subiranotasunerako eskubidea instituzionalizatzea" eskatuko du.

"Autogobernurako esparru berriaren" beharra azpimarratuko du Alderdi Jeltzaleak. "Akordio handiak" lotu nahi ditu EAJk, etorkizuna "partekatutako erantzukizuna delako". Jeltzaleen aburuz, "errezentralizatzeko prozesu argia" ematen ari da Estatuan, "autogobernuari eraso eginez, plurinazionaltasunaren ulermena murriztuz, eta Euskadi eta Katalunia kaltetzen dituzten jarrera atzerakoietara itzulita". Ondorioz, "errespetuari eta berdintasunari erreparatuta, errealitate plurinazionalaren garapena babesteko tresna legal eta instituzionalak" eskatuko ditu EAJk.

Egungo politikan izaten ari den "polarizazio eta erradikalizazioagatik" kezkatuta dago EAJ, besteak beste, "gerra-hizkuntza erabiltzen ari delako". Jeltzaleek dei egingo diete gainerako alderdiei "demagogia populistarengandik" aldendu daitezen, akordioen bidez, Euskadin "garai politiko berri bati" ekin ahal izateko.  

EH Bildu Iruñean

EH Bilduk, berriz, "Maite dugun herria" lelopean ospatuko du Aberri Eguna Iruñean, azken urteetan bezala. Manifestazioa egingo dute, eta musikaz, kalejiraz eta haur-jolasez osatutako egun osoko egitaraua prestatu dute.

Martxa 12:00etan abiatuko dute, Golem zinema-aretoetatik. "Euskal herriaren aldarrikapen nazionalari herri-bultzada" eman nahi dio EH Bilduk, "euskal Estatua garaiko proiektu politikoa" dela sinetsita. Horretarako, etorkizuneko erronkei aurre egiteko, erabakitzeko eskubidea erdigunean jarri nahi dute, "frustrazioa gainditzeko eta herri bezala aurrera egiteko gai den euskal aberriaren" alde eginda. "Ezin gara besoak antxume geratu euskal errepublika lortu arte", azpimarratu du koalizio independentistak.

Gainera, Irlandako Sinn Feineko, ERC eta CUP alderdi katalanetako eta BNG alderdi galegoko ordezkariak EH Bildurekin batera izango dira gaur Iruñean. ERCren aldetik, Marta Rosique diputatua eta Pau Morales barne antolaketako arduraduna joango dira. Horiez gain, Michael Forrest Kanakiako FLNKSko ordezkaria ere izango da.

Bagirak Ipar Euskal Herrian

Ipar Euskal Herrian Itsasun egin dute topaketa abertzaleek, duela 60 urte Aberri Eguna ospatu zen herrian eta abertzaletasunari hauspoa eman nahi izan diote manifestazio eta jai handi batekin.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Bilbo Iruñea Aberri Eguna EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak