Politika -

UDAL HAUTESKUNDEAK

Garcia-Barberena eta Alonso Iruñeko zinegotziek UPN utzi, eta PPren zerrendara batu dira

Kultura eta Berdintasun zinegotzia eta Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzia dira. Besteak beste, Carlos Garcia Adanerok Iruñeko Udalerako aurkeztu duen proiektua "irekia eta bateratzailea" delako eman dute PPrako jauzia, euren hitzetan.

Garcia-Barberena eta Alonso, artxiboko irudi banatan
Garcia-Barberena eta Alonso, artxiboko irudi banatan
Garcia-Barberena eta Alonso, artxiboko irudi banatan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Garcia-Barberena eta Fermin Alonso Iruñeko Udaleko UPNko zinegotziek euren alderdia utzi dute eta PPk datozen udal hauteskundeetan aurkeztuko duen zerrendara batu dira, independente modura. Egun, Kultura eta Berdintasun zinegotzia eta Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzia dira. Gaur jakinarazi dutenez, Alderdi Popularraren zerrendan hirugarren eta bosgarren lekuan aurkeztuko dira maiatzaren 28ko bozetan. Biek ala biek Enrique Maya alkatearen esku utzi dituzte zinegotzi karguak.

Ohar bidez eman du ezagutzera PPk berria, eta Garcia-Barberenaren eta Alonsoren erabakiaren atzean dauden arrazoiak azaldu dituzte bertan. Besteak beste, Carlos Garcia Adanero popularrak Iruñeko Udalerako duen proiektuarekin "hobeto identifikatuta" sentitzen direla diote, "Nafarroako foru erregimena eta konstituzionalismoa" defendatzen dituelako. "Proiektu ilusionagarria, irekia, bateratzailea eta lidergo sendoa duena da, Iruñeko Udalak zentro-eskuineko alkatetza izateko behar duena", zehaztu dute idatzian.

Halaber, UPN uzteko beste arrazoietako bat alderdiaren zuzendaritzaren azken erabakiak direla esan dute, "Navarra Suma koalizioarekin alde bakarrez haustea ekarri zutenak", bereziki. Koalizioak Iruñeko Udalean egindako lan ona azpimarratzearekin batera, "UPNko militanteei errespetua" adierazi diete.

Bi zinegotzien hitzetan, legealdi hasieran Navarra Sumarekin hartutako konpromisoa "leialtasunez" bete dute, eta karguan geratzen zaien denboran bide horretan jarraituko dutela erantsi dute.

Gaiari buruz galdetuta, Javier Esparza UPN alderdiko presidenteak beste galdera batekin erantzun die kazetariei: "Kezkatu aurpegia al daukat?". Horren hitzetan, maiatzeko hauteskundeetan, "lehen indarra izango da UPN" eta iruindar guztiek dakite zer gertatuko den. Cristina Ibarrola (UPNren alkategia) edo Joseba Asiron (EH Bilduren alkategia) hautatu beharko dutela azpimarratu du.

Albisteak eragin dezakeen "morboa" ulertzen duela aitortu ondoren, bi zinegotzion erabakiak ez duela harritu esan du. "Nafarroan denok ezagutzen dugu elkar, ez da sorpresa bat izan eta naturaltasun osoz jarraituko dugu lanean", gehitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP UPN Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Iruñeko Udala Nafarroako PP