Politika -
HERIOTZA
Begoña Zalduegi hil da, Juan Mari Atutxaren emaztea
1994an ETA senarra (Eusko Jaularitzako Herrizaingo sailburua) hiltzen saiatu eta gero, ETAri publikoki zuzendu zaitzaion Radio Euskadin "izuak" ez zituela kikilduko esanez.
EITB MEDIA
Begoña Zalduegi (Bedia, 1944) hil da Galdakaon, 79 urte zituela, Juan Mari Atutxa Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu eta Eusko Legebiltzarreko presidente izan zenaren emaztea. Gaixotasun luze baten ondorioz zendu da.
1994an ETA senarra hiltzen saiatu eta egun batzuetara, Zalduegi publikoki zuzendu zitzaion ETAri, ez zituela "izuak" kikilduko esanez. Radio Euskadiko entzulearen telefonora egindako dei batean egin zituen adierazpenok.
"Euskadiren alde bizitza emateko prest" zeudela esan zion ETAri, eta gurasoek, abertzale izateagatik, "kartzela eta errepresioa jasan zutela" adierazi zion. Hala, ETAko kideei esan zien "diktadore berriak" zirela.
Amaitzeko, ondorengo eskaera egin zion ETAri: "Nire senarra hiltzen saiatzen zareten hurrengoan, arren eskatzen dizuet lehenengo ziurta dezazuela berarekin noala; izan ere, berarekin hil nahi dut".