Politika -

Memoria historikoa

Gerra Zibilean hildako gudari baten gorpuzkiak berreskuratu dituzte Zeanurin

Gogora Institua eta Aranzadi Zientzia elkarteak berreskuratu dituzte Euskal Prospekzio Taldeak 1937an Bilbo eskuratzeko ofentsiba frankistan gerrako fronte izan zen Barazar inguruan topatutako gorpuzkiak.

Gorpuzkien desobiratzea, larunbat honetan, Zeanurin. EITB Media.
Gorpuzkien desobiratzea, larunbat honetan, Zeanurin. EITB Media.
Gudari baten gorpuzkiak atera ditu Aranzadik Zeanurin

1:14

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gerra Zibilean Zeanurin eroritako gudari baten gorpuzkiak berreskuratu ditu Eusko Jaurlaritzak. Ez dute, hala ere, gorpuzkiak norenak ote diren identifikatu ahal izateko zantzurik. 

Zeanuriko Larraga mendiaren magalean izan da Aranzadi Zientzia Elkarteak gidatutako desobiratzea eta bertan izan da Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria. 

Hezurduraz gain, hainbat objektu ere desobiratu dira, hala nola, kartutxo-uhala bat munizioarekin, aluminiozko edalontzi txiki bat eta sardexka baten goiko zatia. Objektu horien ezaugarriak bat datoz garai hartan Eusko Gudarosteak bere gizonei ematen zizkieten objektuenekin. 

Gainera, duela 86 urte Gerra Zibilak izan zuen garapenari buruzko dokumentazio historikoak Barazar gainean eta inguruko mendietan kokatzen du guda-frontea 1937ko apirilean, Bizkaia bereganatzeko armada frankistaren erasoaldian. 

Exhumazioan izan dira, halaber, Eider Ajuriagerra Zeanuriko alkatea, udal korporazioko kideak, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkide eta Gogoraren Zuzendaritza Kontseiluko kidea, bai eta memoria historikoaren inguruko elkarteen ordezkariak ere. 

Euskal Prospekzio Taldeak egin zuen aurkikuntza Larragan mendiaren ipar-mendebaldeko hegalean, Euskadiko Gerra Zibileko borroka-fronteetan zehar egindako ohiko prospekzio batean. Jarduera hau Aranzadi Zientzia Elkartearekin sinatutako hitzarmenaren bidez Eusko Jaurlaritzak garatzen duen 'Gerra Zibileko desagertuen bilaketa' programaren barruan kokatzen da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Memoria Historikoa Zeanuri Gogora