Politika -
Memoria historikoa
Omenaldia egin diete Ezkaban Gerra Zibilean gotortuta eduki zituzten presoei, ihesaldiaren 85. urteurrenean
Gaurko ekitaldian, lehenengoz, preso horien familietako emakumeak jarri dituzte erdigunean.
EITB Media
Ezkaban omenaldia egin diete igande honetan Gerra Zibilean, 1934 eta 1945 artean, gotortuta eduki zituzten presoei, horien ihesaldia gogoratzeko. Izan ere, bihar beteko dira 85 urte ia 800 presok ihes egin zutenetik eta 200 baino gehiago tiroz hil zituztenetik.
Gaurko ekitaldian, lehenengoz, 795 preso errepublikazale horien familietako emakumeak jarri dituzte erdigunean; sarri ahanzturan gelditu badira ere, zama handia hartu baitzuten bizkar gainean.
Koldo Pla Txinparta Memoria Kolektiboko kideak EITB Mediari egindako adierazpenetan esan duenez, emakume horiek bidaia luzeak egin behar izaten zituzten, "presoei bisitak egiteko eta familia osoa mantentzeko", eta horretarako "antolatu behar izaten ziren".
Dena den, kasu honetan, aipamen berezia egin nahi izan diete etxean geratu zirenei, horiek ere jasan baitzituzten "errepresio ezberdinak, fisikoak zein ekonomikoak".
Nafarroako eta Espainiako gobernuek lantalde bat eratzea adostu zuten duela hilabete batzuk, Ezkabako San Cristobal gotorlekua memoria gune bihurtzeko.