Politika -

M28

Udal eta foru aldundiak gobernatzeko ituna berretsi dute EAJk eta PSE-EEk

Jeltzaleen eta sozialisten ustez, ezinbestekoa da "gobernagarritasuna eta erakundeen egonkortasuna bermatuko duten akordioak" izenpetzea, euskal gizartearen aniztasuna "errespetatuta" betiere.

Ortuzar eta Mendia, artxiboko irudian
Ortuzar eta Mendia, artxiboko irudian
Ortuzar eta Mendia, artxiboko irudian

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEdia

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

M28ko hauteskundeetatik bost egun betetzen diren honetan, tokiko zein foru erakundeak gobernatzeko koalizio ituna itxi dute berriro EAJk eta PSE-EEk. Bestela esanda, jeltzaleen eta sozialisten artean zerrenda bozkatuena denari emango dio batek besteari botoa.

Orrialde bakarreko ohar batean, bi alderdiek ezinbestekotzat jo dute "gobernagarritasuna eta erakundeen egonkortasuna bermatuko duten akordioak" izenpetzea, euskal gizartearen aniztasuna "errespetatuta" betiere. Izan ere, igandeko udal eta foru hauteskundetako emaitzek "hauteskunde mapa anitz eta zatikatua" utzi dutela azpimarratu dute. 

2015etik elkarrekin egindako ibilbideak "asebetetze maila altua" utzi diela azpimarratu dute jeltzaleek eta sozialistek. Euren ustez, bien arteko batura da "egungo egoera konplexuari" erantzuteko, eta gobernagarritasunaren eta egonkortasunaren helburuak betetzeko "ondoen" prestatutakoa. Hala, "egin ahal den tokian", alderdi politiko biek adostu dute koalizio gobernuak eratzen "laguntzea eta ahalbideratzea" hiru aldundietan eta udal guztietan. 

Akordioak, "gobernagarritasuna bermatzeaz" harago, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gizarteak dituen "erronkei" aurre egitea du helburu. Honakoak aipatu dituzte, besteak beste, "zerbitzu publikoen babesa, desparekotasun-egoeren kontrako borroka, gizartearen aurrerabidea eta justizia soziala". Halaber, erronka klimatikoari, demografikoari edo ekonomikoari ere erantzutea du xede. Azkenik, "udal politikak indartzeko bidean aurrera egitea" dute asmo, "finantzaketa nahikoa ahalbidetuz".

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak hedabideetara zabaldutako bideo batean azaldu duenez, akordioak "euskal erakundeei ahalik eta egonkortasun handiena" ematea eta Euskadiren etorkizunari "berme handiagoarekin" aurre egitea ahalbidetuko du.

Halaber, azpimarratu du euskal sozialistak "oso pozik" daudela egindako lanarekin eta hauteskundeetan lortutako emaitzarekin. Gaineratu duenez, herritarren bizi kalitatea hobetu egingo da sozialistek erakundeetan egiten duten ekarpenarekin. 

Andueza, PSE-EE: ''EAJrekin sinatutako akordioak euskal erakundeen egonkortasuna bilatzen du''
Andueza, PSE-EE: ''EAJrekin sinatutako akordioak euskal erakundeen egonkortasuna bilatzen du''
Andueza, PSE-EE: ''EAJrekin sinatutako akordioak euskal erakundeen egonkortasuna bilatzen du''

0:37

Hainbat tokiko eta foru gobernu bermatuta

Izenpetutako akordioaren ondorioz, Bizkaiko zein Arabako aldundiak jeltzaleen esku geratuko dira. Bestalde, jeltzaleek 22 alkatetza ziurtatuko dituzte: tartean daude Bilbo eta Donostia hiriburuak, Barakaldo eta Zornotza (Bizkaia), Legazpi eta Zarautz (Gipuzkoa) eta Amurrio (Araba). Sozialistek, aldiz, zazpi udaletan bermatu dute agintea: besteak beste Irunen eta Eibarren (Gipuzkoa) eta Ermuan (Bizkaia).

Agiriak ez du aipatzen hirugarren alderdi baten babesaren beharra indar bozkatuena beste bat denean. Hori da, hain justu, Gasteizko Udalean eta Gipuzkoako Aldundian gertatzen dena: EAJk eta PSE-EEk PPren botoak behar dituzte EH Bilduri aurrea hartzeko. 

Azken kasu horren kontura, Xabier Barandiaran EAJko burukide eta EBBko berrikuntza politikoko arduradunak berretsi duenez, "'EAJk garbi utzi du ez duela PPrekin negoziatuko''. Aurrez, Mikel Lezama Gipuzkoako PPko buruzagiak esandakoari erantzun dio Barandiaranek —PPko batzarkideak adierazi du euren babesaren truke foru gobernuan sartzea nahi dutela—. "Kasu horretan Maddalen Iriarte izango litzateke Gipuzkoako ahaldun nagusi, zeren EAJk ez du PPrekin negoziatuko". 

Gainera, Barandiaranek erantsi duenez, Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJk eta PSE-EEk boto gehiago lortu dituzte EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek baino, jeltzaleek eta sozialistek 157.028 boto jaso baitituzte, eta koalizioak eta Elkarrekin Podemosek, ordea, 141.861; alegia, 15.167 boto gutxiago.

Barandiaran:''PPk marra gorria jartzen badu Iriarte izango da ahaldun nagusi, EAJk ez du PPrekin negoziatuko''
Barandiaran:''PPk marra gorria jartzen badu Iriarte izango da ahaldun nagusi, EAJk ez du PPrekin negoziatuko''
Barandiaran:''PPk marra gorria jartzen badu Iriarte izango da ahaldun nagusi, EAJk ez du PPrekin negoziatuko''

01:41
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Udal eta foru hauteskundeak 2023 Bizkaiko Foru Aldundia Gipuzkoako Foru Aldundia Arabako Foru Aldundia