Politika -

U23KO HAUTESKUNDEAK

EH Bilduk jarraikortasunaren aldeko apustua egingo du Kongresurako eta Senaturako zerrendetan

Zerrendak erabat itxita ez badaude ere, itxuraz, orain arteko diputatu (Mertxe Aizpurua, Oskar Matute, Jon Iñarritu, Bel Pozueta, Iñaki Ruiz de Pinedo) eta senatariek (Gorka Elajabarrieta eta Idurre Bideguren) errepikatu egingo dute. EH Bilduko oinarriek ostegunean eta ostiralean bozkatuko dituzte.

Jon Iñarritu, Mertxe Aizpurua eta Oskar Matute Diputatuen Kongresuan. Artxiboko argazkia: EFE
Jon Iñarritu, Mertxe Aizpurua eta Oskar Matute Diputatuen Kongresuan
Jon Iñarritu, Mertxe Aizpurua eta Oskar Matute Diputatuen Kongresuan. Artxiboko argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi politikoak uztailaren 23an egingo diren hauteskunde orokorrei begira jarri dira dagoeneko, eta EH Bilduk jarraikortasunaren aldeko apustua egingo du Espainiako Diputatuen Kongresurako eta Senaturako aurkeztuko dituen zerrendetan.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak agerraldia eskaini du gaur goizean koalizioak Donostian duen egoitzan eta bere ondoan izan ditu Mertxe Aizpurua, Oskar Matute, Jon Iñarritu, Bel Pozueta eta Iñaki Ruiz de Pinedo diputatuak eta Gorka Elajabarrieta eta Idurre Bideguren senatariak.

Zerrendak erabat itxita ez badaude ere, itxuraz, aipaturiko diputatu eta senatariek zerrendan errepikatu egingo dute. Dena dela, EH Bilduren oinarriek ostegunean eta ostiralean bozkatuko dituzte hautagaitzak.

EH Bilduko koordinatzaileak azaldu duenez, Mahai Politikoak Madrilen lan egin duen taldeari jarraikortasuna ematea erabaki du, lana "ona" izan delako eta "aldaketa handiak egiteak zentzu gutxi izango lukeelako".

Bestalde, EH Bilduren botoek eskuina gelditzeko balioko dutela azpimarratu du eta ezker subiranistarik gabe ezingo dela gobernu aurrerakoirik osatu Espainiako Estatuan, ezta politika progresistarik ere.

Elkarrekin Podemosekin minimoen programa

Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako ahaldungai nagusiak bigarren bilera bat egingo du aste honetan Elkarrekin Podemosekin, lurraldea gobernatzeko ituna lortzeko "minimoen programa" bat proposatzeko.

Otegik azaldu duenez, bere alderdia ez dago "karguak banatzeko fasean". Aldiz, bigarren bileran "minimoen programa" bat eramango du, fiskalitatea edo Elkarrekin Podemosen zaintza politika bezalako gaiak jorratzeko.

EH Bilduk Elkarrekin Podemoseko bi batzarkideen botoak behar ditu 24 batzarkide batzeko, EAJk eta PSEk biltzen dituzten berberak.

EH Bilduko koordinatzaileak esan du Elkarrekin Podemosek ez duela "EAJren gobernu bat babestuko, hala esan baitu Gipuzkoan eta Gasteizen". Jarraian, gogorarazi du EAJk eta PSEk Ayusoren eskutik baino ezin dutela gobernu horietan sartu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Berriak Politika Espainiako hauteskunde orokorrak EH Bildu Gipuzkoa Zenbat hautagai daude hauteskundeetan? Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Hauteskundeak gaur Senatua Espainia