Politika -

Udalen eraketa

Nadia Nemeh Shomaly (EH Bildu) izango da Bermeoko alkatea

Koalizio abertzaleak eta Guzan plataformak akordioa lortu dute, azken egunotan negoziazio zailak izan ostean; izan ere, biek defendatzen zuten euren alkategaiak eskuratu behar zuela aginte makila udalerri horretan.

Nadia Nemeh Shomaly (EH Bildu) izango da Bermeoko alkatea. Argazkia: EITB Media
Nadia Nemeh Shomaly (EH Bildu) izango da Bermeoko alkatea. Argazkia: EITB Media
Nadia Nemeh Shomaly (EH Bildu) izango da Bermeoko alkatea. Argazkia: EITB Media

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nadia Nemeh Shomaly (EH Bildu) izango da Bermeoko alkatea, koalizio abertzaleak eta Guzan plataforma independenteak lortu duten akordioaren ondorioz. Hain zuzen ere, Asier Larrauri EH Bilduko alkateak dimisioa eman ostean hartu dute erabakia. Horrela, EH Bilduren zerrendan bigarrenak hartuko du aginte makila, ostiraleko udalbatzan.

Akordio honekin "pozik" agertu dira EH Bildu eta Guzan; izan ere, "proiektu politiko komun bat martxan jartzea ahalbidetuko du, bermeotarron beharrizanei erantzuna emateko eta Bermeo feministagoa, parte hartzaileagoa, anitzagoa, justuagoa eta jasangarriagoa lortzeko, hain zuzen ere".

"Helburu horiek guztiak lortzeko talde prestatua dugu, eta, herritarren eskutik, gogor lan egingo dugu bermeotarron interesen defentsan", adierazi dute asteazken arratsaldean zabaldutako ohar batean.

EAJk irabazi zituen Bermeoko udal hauteskundeak, 8 zinegotzi eskuratuta; EH Bilduk 5 eskuratu zituen, eta Guzan herri plataformak, 4. Dena dela, Larrauri alkate izendatu eta plataforma independente horren zerrendaburua alkateorde izateko akordioa lortu zuten EH Bilduk eta Guzan plataformak.

Bi alderdien arteko negoziazioak ez dira errazak izan azken egunotan; izan ere, biek defendatzen zuten euren alkategaiak eskuratu behar zuela aginte makila udalerri horretan.

Guzan plataforma independentearen arabera, Asier Larraurik izan behar zuen alkate, horren hitzetan, udal hauteskundeetan ez baita marka edo alderdia bozkatzen, hautagaia baizik.

Hala, alkatea Larrauri izango ez balitz, horien iritziz, Xabier Ortuzarri zegokion aginte makila hartzea, eta ez zutela beste aukerarik onartuko adierazi zuten.

Koalizio abertzaleak "irmoki" esan du bi indarrek sinatutako akordioa defendatuko duela, hots, "EH Bilduko hautagai bat izatea Bermeoko alkatetza izango duena". Halaber, horren arabera, bien arteko ituna "Bermeok behar duen aldaketari aurre egiteko proiektu bateratuen beharrizanagatik sortu zen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bermeo Politika Bizkaia EH Bildu Gipuzkoa Hauteskundeak Eguneko albisteak Albisteak