Politika -
EPAIKETA
Itxaso Zaldua ETAko kide ohia aske utzi du Auzitegi Nazionalak, Gimenez Abad hiltzeagatik epaitu ondoren
Epaiaren zain geratu zen atzo Manuel Gimenez Abad Aragoiko PPko presidentearen hilketagatik egin duten epaiketa. Zaldua da akusatuetako bat, eta hiru urte daramatza behin-behinean preso auzi honekin lotuta. Haren abokatuak, presoaldi prebentiboa kentzeko eskatu zuen atzo, eta onartu egin diote.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Manuel Gimenez Abad Aragoiko PPko presidentearen hilketarekin zerikusia dutelakoan, Itxaso Zaldua eta Mikel Garikoitz Carrera Sarobe ETAko kide ohiak epaitu dituzte Auzitegi Nazionalean. Atzo, epaiaren zain geratu zen auzia, eta gaur, epaimahaia osatzen duten magistratuek onartu egin dute Zalduari behin-behineko espetxealdia kentzea, haren abokatuak hala eskatuta.
2020ko ekainean atxilotu zuten Zaldua, Hernanin, eta ordutik, presoaldi prebentiboan dago. Epaiketan, defentsa-abokatuak "berehala" aske utz dezatela eskatu zuen, "frogarik gabe" hiru urte daramatzalako espetxean. Eskari hori aintzat hartu, eta Zigor Aretoko hiru magistratuek 2022an adostutako behin-behineko kartzelaldia bertan behera uztea erabaki dute.
Auzitegi Nazionalak bidali du jada Zaldua aske uzteko mandatua, hura preso dagoen espetxeko zuzendaritzara.
Bere aldetik, Angela Gomez-Rodulfo Auzitegi Nazionaleko fiskalak atzoko saioan aurkeztu zuen txostenean adierazi zuen bi akusatuek Abaden hilketan parte hartu zutela "zalantzarik gabe frogatuta" geratu dela, eta hilketa terrorista egotzita, 30 urteko espetxe zigorra eskatu zuen bakoitzarentzat.