Politika -
U23
PPk gehiengo osoa lortu du Senatuan
Popularrek 143 eserleku izango ditu (120 hautatuta eta 23 autonomia erkidegoek izendatuta). PSOE izango da bigarrena, 92 eserlekurekin (73 gehi 19). EH Bilduren eta ERCren arteko koalizioak 11 eserleku izango ditu (7 hautatuta eta 4 izendatuta), eta EAJk, 5 (4 gehi 1). UPNk eserleku bat lortu du.
M. D. | EITB Media
PPk gehiengo osoa lortu du Senatuan. Hauteskunde Orokorren ostean, Alberto Nuñez Feijooren alderdiak bozketan hautatutako 120 senatari izango ditu (83 zituen), eta izendapen autonomiko bidez 23 eserleku gehituko ditu, Europa Press agentziaren kalkuluen arabera. Horrela, popularrek ganberaren kontrol absolutua izango dute, 143 eserlekurekin.
PSOEk, aldiz, Senatuan zuen gehiengoa galdu du: 93 hautetsi izatetik, 73ra igaro baita, gehi autonomia erkidegoek bidalitako 19 hautetsi. Guztira, talde sozialista 92 parlamentarirekin geratuko da.
Senatuko hirugarren indarra EH Bilduren eta ERCren arteko koalizio independentista izango da. 7 senatari lortu dituzte hauteskundeetan. Parlamentu autonomikoek izendatutako ERCren 3 eta EH Bilduren 1 gehituta, 11 eserleku izango dituzte.
Laugarren taldea EAJ izango da, 5 senatarirekin (9 zituen): 4 Hauteskunde Orokorretan erabakita eta beste bat Eusko Legebiltzarrak izendatuta.
Junts alderdiak 3 senatari izango ditu: hauteskundeetan lortutako eserleku bat eta beste 2 Kataluniako Parlamentuak izendatuta.
UPNk, berriz, eserleku bat izango du Senatuan.
Sumarrek ez du ordezkaririk lortu hauteskundeetan, Eivissa-Formentera barrutian PSOErekin koalizioan lortutako eserlekutik haratago. Autonomia erkidegoak izendatutako Compromiseko eserlekua du.
Voxek ere ez du ordezkaritzarik lortu. Autonomia erkidegoek izendatutako 3 ditu.
Geroa Baik Nafarroako parlamentuak izendatutako senatari bat du.
Hautatutako senatarien banaketa Hego Euskal Herrian
PSOEk 3na senatari lortu ditu Araban eta Nafarroan eta 1 Bizkaian. EH Bilduk 3 lortu ditu Gipuzkoan eta 1 Araban. EAJk ere 4 lortu ditu: 3 Bizkaian eta 1 Gipuzkoan. UPNk eserleku bat lortu du.
Lurraldeak ordezkatzeko ganbera
Uztailaren 23ko Hauteskunde Orokorretan, Senatuko 208 eserleku aukeratu dira. Gainerako 57ak (265 eserleku daude) autonomia-erkidegoek izendatzen dituzte. Maiatzaren 28an zenbait erkidegotan hauteskundeak egin ondoren, sortutako parlamentuek 31 eserleku berritzeko prozesua hasi zen.
Senatuak Kongresukoak baino funtzio askoz mugatuagoak ditu. Lurraldeak ordezkatzeko ganbera da eta senatariek ez dute parte hartzen Espainiako Gobernuko presidentearen aukeraketan.