Politika -

HIZKUNTZA POLITIKA

Hizkuntza koofizialen erabilera "normalizatzea" babestu arren, hori ezartzea "zail" ikusten du Rodriguezek

Atzo, Yolanda Diazek Kongresuan hizkuntza koofizialak erabili ahal izateko egindako proposamenaz ez du zuzenean hitz egin nahi izan Espainiako Gobernuaren jarduneko eledunak. Hori bai, esan du hizkuntzak ez direla "inoiz borrokarako tresna" gisa erabili behar.

Isabel Rodriguez, gaur, Kongresuan. Argazkia: EFE.
Isabel Rodriguez, gaur, Kongresuan.
Isabel Rodriguez, gaur, Kongresuan. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hizkuntza koofizialen erabilera edozein espaziotan "normalizatzea" babestu arren, hori ahalbidetuko duten neurriak ezartzea eta kudeatzea "zaila" eta "konplexua" da Espainiako Gobernuarentzat. Hala esan du Isabel Rodriguez Exekutibo espainiarreko jarduneko eledunak eta Lurralde Politika ministroak. 

Diputatu kargurako kredentzialak aurkeztera joan da gaur Rodriguez Kongresura, eta han egin ditu adierazpenok. Kazetariek galdetu baldin badiote ere, ez dio zuzenean erantzun nahi izan atzo Yolanda Diaz Sumar Mugimenduko buruzagiak Kongresuan diputatuek hizkuntza koofizialak erabili ahal izateko egindako proposamenari. Kongresuko araudia aldatzea proposatu zuen hark, parlamentariek euren hitzartzeak euskaraz, galegoz edota katalanez egiteko eskubidea izan dezaten.

Espainiako Gobernuaren bozeramailearen arabera, azken legealdian "aurrerapausoak" eman dira hizkuntza koofizialen erabileraren alorrean. "Espainiako demokrazia demokrazia bizia delako, eta Konstituzioren garapena ere  halakoa delako", zehaztu du.

Halaber, erantsi du hizkuntzak ez direla "inoiz borrokarako tresna" gisa erabili behar, "PPk eta Voxek gobernatzen duten lekuetan" egiten duten moduan. Jarrera horiek Espainian "lekurik ez" dutela azaldu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Euskaraz Politika PSOE Espainiako Gobernua Espainia Eguneko albisteak Albisteak Sumar Mugimendua