Politika -
ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
BNGk hauteskundeak errepikatzea saihestu nahi du, baina ez dio "txeke zuririk" emango Sanchezi
Bloque Nacionalista Galegoko (BNG) diputatu hautatu berriaren iritziz, eskuinak gobernatzeko aukerarik ez izatea da garrantzitsuena.
O. A. | EITB MEDIA
Nestor Rego Bloque Nacionalista Galegoko (BNG) diputatu hautatu berriak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan adierazi duenez, hauteskundeak ez errepikatzea saihestu behar da eskuinak Espainiako Estatuan gobernatzeko aukerarik izan ez dezan. Edonola ere, nabarmendu du bere alderdiak ez diola "txeke zuririk" emango Pedro Sanchezi.
Diputatu galiziarraren esanetan, gobernatzeko ardura duen alderdiari dagokio inbestidurarako babesak lortzea, eta horretarako ezinbestekoa izango da Espainiako Estatuko nazioen (Euskadi, Galizia eta Katalunia) ordezkari diren indar politikoekin akordioak erdiestea. Horren ustez, nazio horien eskubideen aitortzan aurrerapausoak eman behar dira: "Hori da Alderdi Sozialistaren erronka, eta espero dugu bide horretan joatea".
BNGren babesa negoziatzeko aste honetan PSOErekin aurrez aurreko bilera bat izatea espero du. Gaineratu duenez, bere alderdiak mahai gainean jarriko du Galiziako agenda, eta falta diren eskumenen transferentziak gauzatzea eta Galiziarentzat estatus berri bat onartzea eskatuko ditu.
EAJk iragarri bezala, lortutako akordioak betetzeko bermeak eskatuko dizkio PSOEri. Izan ere, duela lau urteko akordioak partzialki bakarrik bete direla azpimarratu du.