Politika -

Diputatuen Kongresua

Talde abertzaleak ez dira fio Sanchezek EBn hizkuntza koofizialak sustatzeko hartutako konpromisoarekin

Estebanek (EAJ) zalantzan jarri du Sanchezen sinesgarritasuna, eta Iñarrituk (EH Bildu) uste du Diputatuen Kongresutik hasi beharko lukeela. Bestalde, ERCk gogorarazi du konpromiso hori Kataluniari buruzko negoziazio mahaian hartu zela.

Europako Parlamentua. Artxiboko irudia: EFE
Europako Parlamentua.
Europako Parlamentua. Artxiboko irudia: EFE

M. D. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Talde abertzaleek mesfidantzaz erantzun diote Europar Batasunean hizkuntza koofizialak bultzatuko dituela esanez Pedro Sanchezek egin duen iragarpenari.

Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak zalantzan jarri du haren sinesgarritasuna. Gogorarazi duenez, hizkuntzaren ekonomia berriko PERTEaren 1.100 milioi euroetatik bi milioi baino ez ziren bideratu euskarara. Estebanen ustez, PSOEko idazkari nagusiak "errazago" zuen aurreko legegintzaldian hizkuntza gaietan "sinesgarri izatea", baina kontrakoa erakutsi zuen.

"Kanpoan bai eta barruan ez? Badirudi Estatuan euskaldunak ez garela hain europarrak", gaineratu du.

Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak ere Espainiako erakundeetatik hasteko eskatu dio Sanchezi. "Bere etxekoetatik hasiko da, ezta?", galdetu du.

Bestalde, Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak Sanchezi gogorarazi dio konpromiso hori Kataluniari buruzko negoziazio mahaian hartu zutela, 2022ko uztailean. Errepublikanoaren esanetan, ERC lan handia egiten ari da Europako Parlamentuan katalanaren erabilera bultzatzeko, eta eskaria egin dio: "Agindutakoa bete eta amaitu lana. Horrela, ez".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Euskaraz Politika EAJ-PNV Europar Batasuna Pedro Sánchez bideoak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak ERC