Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Bilbao (EAJ), euskararen ofizialtasunaz: "Gaelikoak bi urtean lortu zuen; oztoporik ez egotea espero dut"

"Boulevard" saioan egindako elkarrizketan, EAJko europarlamentariak adierazi du EBn euskararen ofizialtasuna "diskriminaziorik ezaren printzipioaren aitortza" izango litzatekeela.

Izaskun Bilbao, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB Media
Izaskun Bilbao, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB Media
Izaskun Bilbao, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Izaskun Bilbao EAJko europarlamentariak ostiral honetan adierazi duenez, Espainiako Gobernuak eta Kataluniako alderdiek Estatuko hizkuntza koofizialak (euskara, katalana eta galegoa) Europar Batasunean ofizialak izateko lortu duten akordioa "pozteko moduko albistea da, berandu badator ere".

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan azaldu duenez, EBko Oinarrizko Eskubideen Gutunak "debekatu egiten du hizkuntza, arraza edo nortasun nazionalagatik diskriminazioa egotea". "Eta hori da orain arte euskararekin, katalanarekin eta galizierarekin gertatu dena", salatu du.

Hori dela eta, Espainiako Estatuko hizkuntza koofizial guztiak Europan aitortzea "diskriminaziorik ezaren eta Oinarrizko Eskubideen Gutunaren errespetuaren printzipioa aitortzea" izango litzatekeela esan du.

"Europar Batasunaren leloa 'aniztasunean elkartuta' da. Estatuek euren aniztasuna aitortu eta integratu beharra daukate", nabarmendu du.

Euskarak estatu kide guztien oniritzia jasotzeko zailtasunaz galdetuta, europarlamentari jeltzaleak honakoa esan du: "Gaelikoak bi urtean Europako Kontseiluaren onarpena lortu bazuen Europako erakundeetan irauteko, espero dut guk ere etorkizun bera izatea eta oztopo handirik ez egotea".

Europarlamentariak gogorarazi duenez, 2013an txosten bat onartu zuten, Europar Batasun osoan hizkuntza gutxituentzat izaera ofizialeko legeria loteslea egotea eskatzen zuena. Hamar urte geroago, beste txosten batek sinbolikoki ondorioztatu du erakunde guztiak ados daudela hizkuntza ofizialak direla eta onartu egin behar direla, baina ikuspegi praktikotik "ez dute aplikatu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Politika EAJ-PNV EB Izaskun Bilbao argazkiak Gaurko titularrak Albisteak Euroganbera Euskal eurodiputatutak