Politika -
Diputatuen Kongresua
PSOEk, Sumarrek, EH Bilduk eta EAJk Feijooren inbestidura hilabete luzatzea kritikatu dute
Feijoori ezezkoa emango dioten alderdiek uste dute ez duela babes nahikorik lortuko eta "denbora galduko" dela.
M. D. | EITB Media
Alberto Nuñez Feijoo inbestitzearen aurka agertu diren alderdiak ez daude ados bozketa hilabete barru egitearekin, uste baitute ez duela babes nahikorik lortuko Espainiako Gobernuko presidente izateko eta "denbora galduko" dela.
EH Bilduko iturrien arabera, inbestidura irailaren 26an eta 27an egitea "hilabete luzatzea" dela, nahiz eta egoera ez den aldatuko eta Feijook ez dituen aukeratua izateko behar dituen botoak izango.
"Denbora galtze" horrek soilik balioko du "eskuin erreakzionarioek gobernua osatzeko duten ezintasuna agerian uzteko", eta tarte hori aprobetxatu beharko litzateke negoziatzen jarraitzeko, "eskuinaren alternatiba den gehiengo aurrerakoi bat osatzeko, hori baita posible den bakarra".
Bestalde, Aitor Esteban diputatu jeltzaleak ez dio zentzurik ikusten data atzeratzea. "Bagenekien datak nola zetozen eta gehiengorik ez zegoela osatuta", esan du EITBri egindako adierazpenetan, eta gehitu du hilabete honetan "marketina eta irudia, batzuen eta besteen jokoa" izango direla protagonista.
Horregatik, EAJk nahiago zuen "gauza pausatuagoa izatea". Hilabete honetan negoziatzen jarraituko dutela uste du, "ez baita atsedenaldia izango", baina alderdien jarrerak "nahiko finkatuta daude, eta oso zaila da ezustekorik egotea".
PSOE ere kritiko agertu da, "hilabetez herrialdea blokeatuko duelako". Iturri sozialistek uste dute Feijook badakiela "porrot berri bat" lortuko duela, eta bere helburu bakarra dela "porrotari" buruzko barne eztabaida ez irekitzea.
Sumarrek uste du hilabete hau "denbora galtzea" izango dela, eta horren atzean PPren "interes alderdikoiak" baino ez daudela. "Espainiako herritarrek hilabete galduko dute gobernu eraginkorrik gabe, Feijoo jaunaren lidergoak porrot egin duelako eta barne eztabaidak dituztelako", adierazi dute koalizioko iturriek.