Politika -
Diputatuen Kongresua
PSOEk eta Sumarrek diputatuak utziko dizkiete JXCati eta ERCri, Kongresuan talde propioa izan dezaten
Estatuko alderdiek katalanen babesa espero dute Pedro Sanchez presidente egin eta koalizio-gobernua osatzeko. Alderdiak hizketan hasita daude.
Agentziak | EITB
PSOEk eta Sumarrek Junts per Catalunyari (JXCat) eta Esquerra Republicanari (ERC) diputatuak lagatzea erabaki dute, alderdi horietako bakoitzak talde parlamentario propioa osa dezan Diputatuen Kongresuan.
Kongresuaren araudiak ondorengo bi baldintzetako bat betetzea eskatzen die alderdi politikoei talde propioa osatu ahal izateko: 15 eserleku baino gehiago izan, edo, gutxienez 5 izanda, Espainia osoko botoen % 5 lortzea edo parte hartu duten barrutietan % 15 eskuratzea.
PPk, PSOEk, Voxek eta Sumarrek lehen baldintza betetzen dute; EH Bilduk eta EAJk, bigarrena.
JXCatek eta ERCk zazpina diputatu eskuratu zituzten uztailaren 23ko hauteskunde orokorretan, baina ez dira botoen % 15era iristen barruti batzuetan, ezta Katalunia osoan ere. Erabaki horrekin ehuneko hori gainditzen lagundu nahi diete, euren botoak alderdi horien ehunekoei batu eta gutxieneko maila horretara irits daitezen.
Yolanda Diaz buru duen plataformak gaur goizean zehaztu du bere 31 diputatuetatik 2 utziko dizkiola ERCri. Zehazki, koalizioak Julia Boada (Gironako diputatua) eta Felix Alonso (Tarragonakoa) aipatu ditu. ERCk talde parlamentarioa osatu ondoren, bi diputatu horiek ERC taldea utziko dute eta Sumarren taldera igaroko dira. PSOEko iturrien arabera, Juntsekin formula bera erabiltzea aztertzen ari dira.
Diazen koalizioko iturriek adierazi dutenez, erabaki hori hartuta, ERCk Sanchezen inbestidura lortzen eta, beraz, "koalizio-gobernua" osatzen laguntzea espero dute.
Kongresuko Mahaia araudia interpretatzeko burujabea da, eta berak du ardura alderdi katalanek talde propioa izatea ahalbidetuko duen konponbidea aztertu eta oniritzia emateko. Taldeak osatzeko epea ostiralean amaituko da, baina astelehenean hasiko dira aurkeztutako idatziak aztertzen. Praktika hori aurretik ere onartu dut legegintzaldi batzuetan.
Talde propioa lortzea garrantzitsua da, Kongresuak ematen dituen dirulaguntzak kobratzeko aukera ematen baitu. Gainera, talde parlamentarioek eztabaidetan parte hartzeko denbora izaten dute. Talde Mistoan, ordea, kideek denborak banatu behar izaten dituzte.
Oraingoz, PP, Vox, EH Bildu eta EAJ alderdien talde parlamentarioak eratu dira.