Politika -
ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Zupiria, konbentzio konstituzionala deitzeko proposamenaz: 'Lehendakaria etengabe proposamenak egiten ari da'
Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, azken urte hauetan lehendakariak proposamenak egin ditu behin eta berriz estatuak lurralde antolaketaren ikuspegitik duen "blokeo egoera" horretatik ateratzeko.
O. A. | EITB Media
Espainiako Estatuan lurraldetasunaren auzia aztertzeko Iñigo Urkullu lehendakariak konbentzio konstituzionala deitzeko egindako proposamena ez dela berria azpimarratu du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Lehendakariak 2018an proposatu zuen formula hori lehen aldiz, baina aste honetan mahai gainean jarri du berriro: lehenik, urte politiko berriaren hasiera emateko agerraldian; bigarrenik, El Pais egunkarian kaleratu duen iritzi artikulu batean.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan Zupiriak azaldu duenez, lehendakariak azken urteetan hainbat proposamen egin ditu Espainiako Estatuak lurralde antolaketaren arloan duen "blokeo egoera" horri aurre egiteko. Hain zuzen ere, testuinguru horretan kokatu du konbentzio konstituzionalaren kontua. "Lehendakaria etengabe ari da proposamenak egiten, eta uste dut hori dela bere eginkizuna egoera berezi honetan", gaineratu du.
Lehendakariak asteartean Miramar Jauregiko agerraldian esan zuen une egokia izan daitekeela, uztailaren 23ko hauteskundeen emaitzen ondotik, konbentzio konstituzionala egiteko eta lurralde eredua eguneratzeko eta autogobernuari dagokion guztia bideratzeko, eta ideia hori bera berretsi du gaur Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.
Atzo, Nuñez Feijoo PPko presidenteak eta lehendakariak telefonoz izandako elkarrizketari buruz galdetuta, Zupiriak nabarmendu du ez zutela inbestidurari buruz hitz egin. Eusko Jaurlaritzako eledunaren esanetan, atzoko elkarrizketa horrek balio izan zuen "elkarrekin errepaso sakon bat egiteko estatuan bizi den egoerari".
Bestalde, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu ere baden heinean, Auzitegi Konstituzionalak EAEko udal legeari buruz emandako epaiaz hitz egin du. Zupiriaren hitzetan, sententziak ez du bere horretan baliogabetzen udal legearen 6.2. artikulua, eta, hortaz, uste du horrela erabakitzen duten udalek euskaraz lan egiten jarraitu ahalko dutela.