Politika -
ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
Legealdi amaiera "bederatzi hilabeteko ikasturte bat" bezala hartuko duela esan du lehendakariak
Hortaz, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Europakoekin batera ekainaren 9an egitea aurreikusten duen galdetuta, "ikusiko dugu" erantzun du. Bestalde, konbentzio konstituzionala Espainiako Gorteetan egitea proposatu du lehendakariak, erakunde eta adituen parte hartzearekin.
EITB Media
Legegintzaldiko azken lan-urtea izango den honi begira, Iñigo Urkullu lehendakariak "bederatzi hilabeteko ikasturte bat" aurreikusten du. Hortaz, ekaineko aukera jarri du mahai gainean. Radio Euskadin eskaini duen elkarrizketan, eta zuzenean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, Europakoekin batera, ekainaren 9an egingo ote diren galdetuta, "ikusiko dugu" erantzun du.
Dena dela, eta ekainaren 9a aipatu badu ere, ez du beste aukerarik baztertu, gerta daitekeenaren zain.
Halaber, ez du baieztatu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJren lehendakarigai izango den ala ez. Horren esanetan, EAJri dagokio hautagaia aukeratzea, eta berak, garaia heltzen denean, horri buruzko hausnarketa egingo duela esan du. Edonola ere, "gogoa" eta "ilusioa" badituela erantsi du.
Era berean, atea itxi dio Eusko Jaurlaritzaren baitan aldaketak egiteari, eta sailburu guztien borondatea gobernu programa "betetzen jarraitzea" dela esan du.
Espainiako gobernagarritasuna
Iñigo Urkulluren ustez, PPk Voxen mendekotasuna duen heinean "ezinezkoa" da Alberto Nuñez Feijoo Espainiako Gobernuko presidente izendatzea irailaren 26 eta 27ko inbestidura saioan. Vox bidelagun izateak, aldi berean, EAJren babesa eragozten duela gehitu du.
Pedro Sanchezen (PSOE) balizko inbestidura bati begira, lehendakariak uste du balizko negoziazio batean PSOEk "pauso bat gehiago" eman beharko lukeela aurreko legegintzaldian adostutakoa erreferentzia gisa hartuta. Ildo horretan, gogoratu du Gernikako Estatutuak osorik bete gabe jarraitzen duela, transferentziak Eusko Jaurlaritzari eskualdatzeko kronograma ez dela bete, eta aldebiko lankidetza batzordea ere ez dela martxan jarri. Horrez gain, Jaurlaritzak aurrez salatu izan duen "autogobernuaren higadura isila" aipatu du, auzitegietako helegiteei eta autonomia erkidegoen eskumenak "urratzen" dituzten legeei erreferentzia eginez.
Konbentzio konstituzionala
Konbentzio konstituzionala Espainiako Gorteetan egitea proposatu du lehendakariak, alderdi politikoen eta autonomia erkidegoen parte hartzearekin. Zehazki, uste du Diputatuen Kongresuak ekimen parlamentario baten bitartez eskatu beharko liokeela Espainiako Gobernuari konbentzio konstituzionala deitzea.
Konbentzio horren osaketaz esan duenez, alderdi politiko guztietako ordezkariek egon beharko lukete bertan, baita PPk ere, Espainiako Konstituzioa aldatzeko horren parte-hartzea ezinbestekoa delako.
Lehendakariaren hitzetan, ezinbestekoa da lantalde horretan alderdi politikoek ez ezik, autonomia erkidegoek, adituek, legelariek edota iritzi-emaileek ere parte hartzea. "Elkarrizketa lasaia, hausnarketa partekatua eta itun adostua" erraztuko lituzkeen esparrua izan beharko lukeela gaineratu du.
Hezkuntza Legea
Legegintzaldiaren azken urteari begira, Eusko Legebiltzarrean Hezkuntza Legeari buruzko akordio zabala lortzea espero du lehendakariak. Dena dela, gogoratu du Eusko Jaurlaritza sustengatzen duten bi alderdiek (EAJ eta PSE-EE) gehiengo osoa dutela legea aurrera ateratzeko, eta EH Bildurekin ere oinarriak partekatzen dituztela.
Osakidetza
Iragan astean urte politikoari ekiteko agerraldian, zerbitzu publikoak inbertsioen bidez hobetzeko konpromisoa adierazi zuen lehendakariak. Testuinguru horretan, esan du erronka garrantzitsua dela herritarrek euskal osasun zerbitzu publikoaz "harro" egotea eta langileek lan egiteko "ilusioa" izatea. Gainera, beste erronka batzuk aipatu ditu: Lehen Mailako Arretako profesional falta, itxaron-zerrenda luzeak eta osasun profesionalen "ondoez emozionala".
Langabezia
Enpleguari dagokionez, lehendakariak astelehen honetan berretsi du legegintzaldi honetarako helburua langabezia tasa "% 7ko parametroetara" jaistea dela. Gainera, EAEn Gizarte Segurantzan izena emanda daudenen kopurua inoizko altuena dela azpimarratu du.
Kontraboterea
Bestalde, EAJk azken bi hauteskundeetan izan duen beherakadaz galdetuta, lehendakariak esan du ulertzen duela jendartean dagoen ezinegona, baina ELAri eta EH Bilduri "kontrabotere" gisa jardutea leporatu die. Are gehiago, EH Bilduri "euskal sozialismo erradikala" deitu dio.