Politika -

Hauteskunde legea

'ETArengatik erbesteratuek' bozkatu ahal izatearen erreakzioak

EH Bilduk esan du ezin dela ados egon “Euskadiko herritarren iritzia aldatzeko pentsatutako hauteskunde lege batekin”.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak iragarri duenez, "ETArengatik erbesteratuek" bozkatu ahal izateko Hauteskunde Legea aldatuko dute; izan ere, ministroaren hitzetan, erreforma "bideragarria" eta "posiblea" da, maila tekniko eta juridikoan, eta Konstituzioari begira. Alderdien erreakzioak honako hauek izan dira:

Ezker abertzalearen ustez, Hauteskunde Legearen erreformatuz, PPk Euskadiko "hautesle-errolda aldatu nahi du, urrutitik egindako kolonizazio baten bitartez".

PSE-EEk esan du "ikuspuntu etiko eta moral batetik eta biktimekiko konpromezuari dagokionez" Legearen erreforma egitea "laudagarria" litzatekeela. Hala ere, erreforma hori aplikatu ahal izatea "zaila" izango dela uste dute sozialistek.

Andoni Ortuzar Bizkaiko EAJko presidentearen ustez, "biktimen erreparazioa baino, hauteskunde iruzur bat bilatu nahi du" PPk.  Gainera, EAJrekin gai horren inguruan eztabaidatu nahi badu, biktimez hitz egiterako orduan "tratamendu integralaren proiektua" kentzeko eskatu dio.

Carlos Floriano PPko Antolakuntza idazkariordeak adierazi du ETArengatik erbesteratuek Euskadin bozkatu ahal izatea "bidezko elementua" izango dela.

Iragarritako erreformarekin "oso pozik" dagoela esan du Yolanda Barcina Nafarroako eta UPNko presidenteak. Gogoratu duenez, Carlos Salvador UPNko diputatuak egin zuen proposamena aurrenekoz Madrilgo Kongresuan.

Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaiak esan du koalizioa ezin dela ados egon Euskadiren "iritzi naturala aldatu" nahi duen hauteskunde legearen erreformarekin, "helburu politiko zehatz batekin gehiengoak eta gutxiengoak aldatuko baititu".

Patxi Zabaleta Aralarreko bozeramaileak azaldu duenez, hauteskunde legea aldatzea ETAren mehatxupean egondako pertsona "erbesteratuek" bozkatzeko "zentzugabekeria" da, eta PPrentzat "hauteskundeetarako interes argi" bat du.

Adolfo Muñoz "Txiki" ELAko idazkari nagusiaren hitzetan, "astakeria" da hauteskunde legea aldatzeko proposamena terrorismoagatik "erbesteratuak" diren herritarrek autonomia erkidegoetan bozkatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea