Politika -

Hauteskunde legearen erreforma

'ETArengatik erbesteratuek' EAEn eta Nafarroan bozkatzeko baldintzak

1977 eta 2011 artean gutxienez bost urtez EAEn edo Nafarroan bizi izan zirela egiaztatu beharko dute.

Legea aldatuko dute, 'ETArengatik erbesteratuek' bozkatu ahal izateko

00:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAren mehatxuen ondorioz EAEtik edo Nafarroatik alde egin zuten pertsonek bi baldintza bete beharko dituzte lurralde horietako hauteskunde autonomikoetan bozkatu nahi badute, Barne Ministerioa prestatzen ari den erreformaren arabera.

Hori horrela, 'erbesteratuek' egiaztatu egin beharko dute gutxienez bost urtez bizi izan zirela EAEn edo Nafarroan, 1977ko ekainaren 15a (lehen hauteskundeen data) eta 2011ko abenduaren 31a artean.

Halaber, alde egiteko kausa ETAren mehatxua izan zela idatziz adierazi beharko dute. Agiriak "egiazkotasun presuntzioa" izango du.

Hautesle-errolda behin baino ezingo da aldatu, eta behin betikoa izango da.

Bozkatzeko moduen artean, posta bidezkoak izango du lehentasuna, baina ez dute baztertu hauteslekura joan behar izatea.

Erreforma atzo iragarri zuen Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak, 20 adituren ondorioak jaso eta gero.

Dena dela, erreforma ez da indarrean sartuko hurrengo hauteskundeetarako (aurreratzen ez badituzte, 2013ko lehen hilebeteetan izango dira).

Proposamena Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren esku dago jada, eta Gobernu Zentralak Amaiurrekin ez beste talde parlamentarioekin negoziatu nahi du.

Basagoitiren ekimena

Erbesteratuek EAEn edo Nafarroan bozkatzeko ekimena Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak proposatu zuen, ETAk indarkeriaren amaiera iragarri eta gero.

Euskal alderdi gehienak aurka agertu dira, eta hauteskundeetan "iruzurra" egin nahi izatea egotzi diote. Basagoitiren esanetan, baina, neurria "ezinbestekoa" da terrorismoaren amaiera lortzeko, "ETAren asmoa hautesle-errolda garbitzea baitzen".

EAEko PPko buruak ekimena proposatu zuenean, erbesteratu guztiek ETAren ondorioz alde egin ez zutela erantzun zion Patxi Lopez lehendakariak.

Jorge Fernandez Diaz ministroak oniritzia eman zion proposamenari, eta aztertu egingo zutela aurreratu zuen. Atzo, ikerketaren emaitzak jakinarazi zituen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea