Politika -
Manifestazioa
PPk amnistiaren aurkako "ekitaldi handi bat" iragarri du Madrilen, inbestidura aurreko astebururako
Gamarraren hitzetan, Pedro Sanchezek helburu bakarra du amnistia aitortuta: "botoak jasotzea". Hain zuzen ere, horixe da Madrilen egingo duten manifestazioan salatu nahi dutena.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
PPren idazkari nagusi Cuca Gamarrak gaur, asteazkenarekin, iragarri du irailaren 23 eta 24ko asteburuan "ekitaldi handi bat" egingo dutela popularrek Madrilen, amnistia gaitzesteko aukera izan dezaten herritarrek.
Antena 3 telebista katean egin dioten elkarrizketa batean egin du iragarpena Gamarrak, eta zehaztu du kalean egingo dutela ekitaldia, "baldin eta eguraldia lagun badugu".
Gamarraren hitzetan, Pedro Sanchezek helburu bakarra du amnistia aitortuta: "botoak jasotzea". . Hain zuzen ere, horixe da Madrilen egingo duten manifestazioan salatu nahi dutena.
Ekitaldia, beraz, amnistiaren kontra urriaren 8rako Bartzelonan deitutako manifestazioaren aurretik helduko da. Kataluniako hiriburuko mobilizazioan, besteak beste, Madrilgo presidente Isabel Diaz Ayusok hartuko du parte.
Gamarrak argitu du, PSOEk eta Juntsek itun lezaketen amnistiaren aurrean, bere alderdiak "politikoki" zein "sozialki" erantzungo duela.
Mobilizazio horren baitan kokatu ditu, halaber, Espainiako presidente ohi Jose Maria Aznarrek asteartean esandakoak. Gamarraren ustez, "demokrazian defendagarria denaren barruan" daude haren adierazpenak, eta ondorioz Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuko bozeramaileak egindako "kolpismo" salaketatik "urruti".