Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Ortuzar: "Legealdia zertarako nahi duen argitu beharko du Sanchezek, inbestidurarako babesa lortu nahi badu"
"Inbestidura Moncloara iristeko nahi du, baina zertarako nahi du legegintzaldia?", galdetu du EAJko presidenteak. Zentzu horretan, aurreratu du, elkarrizketarik ez badago, EAJk azken unera arte gordeko duela bere erabakia.
LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA
EAJko presidente Andoni Ortuzar elkarrizketatu dute gaur, astelehenarekin, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan, egungo egoera politikoaren nondik norakoak aztertzeko eta inbestidurara begira aldatu beharreko kontuez jarduteko. "Errealitate korapilatsua bizitzen ari gara", onartu du, Sanchezek eta PSOEk horretan zerikusia dutela iritzita. "Inbestidurari buruz soilik hitz egin nahi dute, eta oso tristea litzateke Sanchezen alde egitea elkarrizketarik egon gabe. Argi dago inbestidura Moncloara iristeko nahi duela, baina zertarako nahi du legegintzaldia?", galdetu dio bere buruari.
Ortuzarrek esanetan, sozialistek pentsatzen dute denbora alde dutela, "amildegi ertzean", babesa jasoko dutelakoan baitaude, alegia, "eskuin muturreko gobernu baten aurrean, Sanchezen alde egingo dugula uste baitute, eta ordura arte ez dute legealdiari buruz berba egiten hasteko asmorik", adierazi du. "Gauzak atzekoz aurrera egiten badituzte, normalena litzateke gure babesa bermatuta ez izatea", erantsi du.
Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeei dagokienez, eta balizko hautagaiak mintzagai, Urkullu indartsu ikusten duela esatera mugatu da. "Urriaren amaieran hasi beharko genuke bide-orria lantzen", nabarmendu du.
Nolanahi dela, aurreratu du bere kasuan gehiegizkoa litzatekeela laugarren agintaldi bat, EAJko presidente gisa. "Garrantzitsua da ideia berriak dituen jendea egotea, ni baino hobeto egokituko dena. Dena den, jendeak erabakiko du, ni oso diziplinatua naiz, eta alderdiak esan didana egin izan dut beti", bukatu du.