Politika -
Alderdi eguna
Ortuzar: "Inork ez du EAJ dagoen tokitik mugituko"
EAJren presidenteak argi adierazi nahi izan du alderdiak ez duela inbestidurari begira norabidea aldatuko: "Gu prest gaude, baina besteek ere egin beharko dute eurena". Lehendakariak salatu du batzuk "ezinegona" zabaldu nahi dutela grebekin.
eitb media
Andoni Orutzar EAJren Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak aldarrikatu du "inork eta ezerk" ez duela "EAJ dagoen tokitik mugituko: inork ez gaitu nahi ez dugun tokira eramango, baina guk ere ez dugu euskal gizartea nahi ez duen tokira eramango".
Gasteizko Forondako zelaiek Alderdi Egunaren 47. edizioa hartu dute gaur, eta eguraldi ona lagun, milaka pertsona batu ditu ekitaldiak, azken urteetan covidaren eraginez ospakizunak indarra galdu ostean.
EBBren presidenteaz gain, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Amaiur Guindeo EGIko kideak hartu dute hitza ospakizuna eta aldarrikapen politikoak nahastu dituen ekitaldian.
Ortuzarrek aitortu du Alderdi Eguna "momentu konplexu batean" iritsi dela, "berriki bizi izan dugunagatik, orain bizi dugunagatik eta hilabete batzuk barru etorriko denagatik". Era berean, eta autokritika eginez, esan du "entzun eta aditu" egin dituela "botoa ematera ez joatearekin kargu hartu digutenak". "Ehun zatiak berriz jostea dagokigu orain, batzuengan eta besteengan berriz ere ilusioa piztea", gaineratu du.
Espainiako Gobernuko presidentearen inbestidurari dagokionez, eta Alberto Nuñez Feijoo PPren buruarenak porrot egingo duela aurreikusita, esan du Pedro Sanchez sozialistari botoa emateko prest daudela: "Prest gaude gure lana egiteko, baina besteek ere egin beharko dute eurena, borondate politiko berberarekin".
Horren harira, kritikatu du Sanchezen Gobernuarekin "ezinezkoa" izan dela nazioen aitortzari buruzko debatea irekitzea.
Iñigo Urkullu lehendakariak hitza hartu duenean, azpimarratu du "balioak" direla EAJk "128 urte hauetan izan duen ibilbide oparoa" laburbiltzen duena. Hala, esan du "lehentasuna pertsonaren zentraltasuna" dela. Bigarren tokian, "oparotasuna partekatzea" jarri du, hirugarrenean "gizarte kohesioa", eta laugarrengoan "auzolana" hitzean laburbiltzen den "lankidetzaren, akordioaren eta aliantzen kultura politikoa".
Lehendakariak gogor jo du greba eta manifestazioekin "gizartean ezinegona sortzen" dutenen aurka: "Nahikoa da!". "Guztion onura defendatzen dugu. Arriskatzen, inbertitzen eta ekiten duten pertsonei laguntzen jarraituko dugu" eta "langile guztien lan-baldintzak hobetu behar ditugu, salbuespenik gabe", azaldu du.
Ekitaldiari Amaiur Guindeok eman dio hasiera, Nafarroako EGIren idazkariak, eta hitzeman du "gazteriak gaur dituen erronka nagusiei" helduko dietela: "Lan merkatuan baldintza duinekin sartzeari, langabezia tasa handiari, etxebizitza erosteko aukera eskasiari, berdintasunari, kalitatezko enpleguari edo klimaren krisiari".
Espainiako Gobernuko presidentea oraindik ez dute izendatu eta Pedro Sanchezek beharrezkoak izango dituela boto jeltzaleak, beste alderdi independentista batzuenekin batera, tartean Juntsenak. Hain zuzen ere, Jordi Turull alderdi kataluniarraren idazkari nagusia gonbidatu gisa egon da gaurko ospakizunean.