Politika -
IZENBURU NAGUSIAK
Albiste izango dira: Feijooren inbestidura, Animalien Ongizaterako Legea eta ‘Go!azen 10’, aurrestreinaldia
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, hitz bitan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, irailak 29, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Feijooren inbestidura: bigarren bozketa: Alberto Nuñez Feijoo Espainiako Gobernuko presidente izateko PPren hautagaiaren inbestidura bigarren aldiz bozkatuko dute gaur Espainiako Diputatuen Kongresuan. Asteazkeneko ahaleginak huts egin ondoren, gaurkoan ere segurutzat jotzen da buruzagi popularrak ez duela lortuko presidente izateko behar duen gehiengoa (bigarren bozketan honetan, gehiengo sinplea behar du).
- Animalien Ongizaterako Legea: Gaurtik aurrera indarrean dago Animalien Eskubideak eta Ongizatea Babesteko Legea (aurrerantzean, Animalien Ongizaterako Legea) Espainiako Estatuan, nahiz eta arauaren alderdi nagusietako batzuk geroago aplikatuko diren. Legearen helburua da, besteak beste, animaliak babestea, tratu txarrik eta abandonurik ez egotea, eta adopzioa eta zaintza arduratsua bultzatzea. Adibidez, tratu txarrak emateagatik 200.000 eurora arteko isunak ezarriko dira arau-hauste oso astunen kasuan.
- 'Go!azen 10', aurrestreinaldia: "Go!azen" telesailaren denboraldi berria Donostia Zinemaldiaren barruan aurrestreinatuko da, gaur, 18:30ean, Belodromoan, egingo den ekitaldi handian. Bertan, "Go!azen 10.0"ren lehen atala ikusteko aukera izango da. Gainera, aktoreek ikuskizuna eskainiko dute emanaldiaren aurretik.