Politika -
Hauteskunde Legearen Erreforma
Oyarzabalek 'Bilduren kutsua' gainetik kentzeko eskatu dio EAJri
Euskadiko PPko idazkari nagusiak "ikuspegi zabala" izateko eskatu dio Iñigo Urkulluren alderdiari, Hauteskunde Legearen Erreformaren harira, "akordioa adosteko tarterik dagoelako".
Erredakzioa
Iñaki Oyarzabal Euskadiko PPko idazkari nagusiak "ikuspegi zabala" izateko eskatu dio EAJri Hauteskunde Legearen Erreforma gauzatzeko. Gainera, "Bilduren kutsua" gainetik kentzeko eskatu dio Iñigo Urkulluren alderdiari. Oyzarzabalen esanetan, PPren ekimenean ez dago "astakeriarik", eta EAJrekin "akordioa adosteko tarterik dago".
Europa Pressi egindako adierazpenetan Oyarzabalek adierazi duenez, hark eta Antonio Basagoiti PPko presidenteak Iñigo Urkullu eta Joseba Aurrekoetxea jeltzaleak telefonoz deitu dituzte, gai honen gainean eztabaidatzeko. Oyarzabalek esan duenez, jeltzaleek ez diote eztabaidari uko egin.
"Hitz egiteko, ekimena azaltzeko eta adituen ondorioak batera eztabaidatzeko prest gaudela esan diogu EAJri", azpimarratu du. Euskadiko PPko idazkari nagusiaren aburuz, ekimena Parlamentuan aurkeztean "gainontzeko alderdi politikoen babesa lortzea gustatuko litzaiguke". Zentzu honetan, "garrantzitsua da EAJk Bilduren kutsua gainetik kentzea", esan du.
"Proposatutako ekimena behar behar dugula uste dugu, elkarbizitza oinarri demokratikoetan eraikitzeko gizartearen betebehar morala da, alegia", nabarmendu du Oyarzabalek, "etorkizunera begiratu behar dugu, zauriak artatu eta justiziaz aritu, ahotsa kendu dietenei berriro hitz egiteko aukera eskainiz".