Politika -
Erreferenduma
Puigdemontek mobilizatzeko deia egin du igande honetarako, duela sei urteko "garaipena defendatzeko"
Bestalde, Junquerasek esan du amnistia "nahitaezko pausoa" dela independentziara bidean Espainiako Gobernuarekin "berdintasun egoeran" jokatzeko.
agenTZIAK | eitb media
Carles Puigdemont Generalitatearen presidente ohi eta Juntsen eurodiputatuak bihar Bartzelonako Katalunia plazan mobilizatzeko deia egin du, "garaipen hura defendatzeko", 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren 6. Urteurrenari erreferentzia eginez.
X sare sozialean zabaldutako mezu batean, azpimarratu du duela sei urte "patua" hori izatea erabaki zuela "Kataluniako herritarren gehiengoak", eta egiten duten guztiek horixe izan behar duela helburu.
"Batzuek nahiago izango lukete hura ahaztea, atzean uztea. Baina ez dugu egingo, ez guk ez zuetako askok", gaineratu du.
Bestalde, Oriol Junqueras ERCren presidenteak aldarrikatu du autodeterminazioa eta demokrazia direla ERCk planteatzen dituen "bide bakarrak" Kataluniaren etorkizunarentzat.
Bere esanetan, amnistia "ez da eta ez da izango askapen prozesuaren amaiera", baizik eta etorkizunaz demokratikoki erabakitzeko tresna.
Junquerasek uste du pauso hori "nahitaezkoa" dela independentziara bidean Espainiako Gobernuarekin "berdintasun egoeran" jokatzeko.