Politika -

Hezkuntza

Hezkuntza Legeari aurkeztutako osoko zuzenketen kontra bozkatuko du EH Bilduk

Koalizioak eztabaida parlamentarioari bide eman nahi dio, hezkuntza akordioari zor dion "leialtasunagatik". Dena dela, hizkuntza ereduen inguruan aurkeztutako zuzenketa partzialei buruz "iritzi bateratua" eskatu die berriro EAJri eta PSE-EEri.

Arrese, agerraldian. Argazkia: @EHBildu
Arrese, agerraldian.
Arrese, agerraldian. Argazkia: @EHBildu

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak iragarri duenez, koalizio subiranistak ezetz bozkatuko du Hezkuntza Legearen proiektuari oposizioko beste taldeek aurkeztutako osoko zuzenketen aurrean. Koalizioak lege horren eztabaida parlamentarioari bide eman nahi dio, Eusko Legebiltzarraren gehiengo zabal batek adostutako hezkuntza itunari zor dien "leialtasuna eta fideltasuna" tarteko. 

Arresek agerraldia egin du Donostian, koalizioak legearen izapidetze prozesuan zer jarrera hartuko duen argitzeko. Azaldu duenez, akordioarekiko leialtasunaz gain, "herri bokazioa" izan dute lege arlo horretan. 

Ostegunean eztabaidatu eta bozkatuko dituzte Legebiltzarrean osoko zuzenketak. EH Bilduren ustez, legea "beste fase batean" sartuko da, eta "ikusi beharko da hau 0tik abiarazten dugun edo eztabaida parlamentarioari bide ematen diogun".

Eztabaida nahi izanagatik, EH Bilduk argi utzi du berau "argia eta gardena" izan behar dela, eta hortaz, PSE-EE eta EAJri hizkuntza ereduen inguruan aurkeztu dituzten zuzenketei buruzko "iritzi bateratua" emateko deia egin die beste behin. Horren ildotik, Arresek iragarri du galdera bana egingo dietela Bildarratz sailburuari eta lehendakariari. Era berean, larunbatean hizkuntza ereduen eztabaidaren inguruko jardunaldi batzuk antolatu dituztela jakinarazi du Arresek. Hainbat aditu bilduko dituzte, auzia hainbat ikuspegitatik aztertzeko. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Hezkuntza legea Eusko Legebiltzarra EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza