Politika -
Hirugarren txostena
Polizia gehiegikerien balorazio batzordeak beste 66 biktima aitortzeko eta erreparatzeko proposatu du
Horietako 49k polizia-etxeetan tratu txarrak edo torturak jasan zituzten, eta 7 Poliziak edo eskuin muturreko taldeek tiroz hildakoak dira. Aitortutako biktimen artean Joxi Zabala dago.
EITB Media
Polizia gehiegikerien 12/2016 Legearen bidez sortutako Balorazio Batzordeak bere hirugarren txostena argitaratu du gaur. Guztira, 66 espediente proposatu ditu oraingoan, biktimek aitortza eta erreparazioa jasotzeko. Horien artean, Joxi Zabala GALen biktima dago.
2022ko uztailetik 2023ko ekainera bitartean, batzordeak 131 espediente aztertu ditu; horietatik 66 onartu eta 64 atzera bota ditu, eskaera legez ezarritako epetik kanpo aurkeztu delako. Azkenik, eskatzaile batek prozedura eten, eta bertan behera uztea erabaki du.
Oraingo honetan aitortza jaso duten 66 pertsonetako 49 tratu txarren edo torturen biktimak izan dira polizia-etxeetan; 7 Poliziak edo eskuin muturreko taldeek egindako tiroen ondorioz hil ziren; 1 eskuin muturreko talde batek emandako kolpeen ondorioz hil zen, bortxatu ondoren; 4 pertsona balaz zauritu zituzten eta 1 gomazko pilota batek zauritu zuen; 3 pertsona larri zauritu ziren ostikaden edo bestelako kolpeen ondorioz; eta 1 bahitu, torturatu eta desagerrarazi ostean hil zuten.
Azken txostena astelehenean aurkeztuko dute Eusko Legebiltzarreko batzordean. Onartu ondoren, urriaren 31n egingo dute biktima horiek aitortzeko ekitaldia.
Bestalde, Batzordeak Joxi Zabalaren amaren eta anai-arreben testigantza "hunkituta" jaso zuela azpimarratu du txostenean; GALek 1983an egindako bahiketa, bortxazko desagerpen, tortura eta hilketa "izugarriaren" biktima izan zen Zabala. Hala, "publikoki ezaguna delako", kasu honetan baztertu egin dute, txostenetan egin ohi den gisara, biktimaren identitateari buruzko aipamena kentzea.
Argitu dute, halaber, Batzordeak orain arte ez duela iritzirik eman Josean Lasaren kasuari buruz, haren senideek ez zutelako eskaerarik aurkeztu arauak aurreikusitako epean (2021eko abenduan amaitu zen). Epea igarota, hala ere, jakin badakite eskaera bat aurkeztu dela horren ildotik, eta, horregatik, uste dute berriro ireki beharko litzatekeela eskaerak aurkezteko epea, "biktimen alde, pertsona horiei behar bezala erantzuteko".
Balorazio Batzordeak giza eskubideen urraketen beste 46 biktima aitortu zituen iaz, eta 35 gehiago lehen txostenean.