Politika -

Euskara

"Euskara biziberritzearen aurka" egiten duten epaiak salatu dituzte EAJk eta EH Bilduk, Legebiltzarrean

Gainera, gaur aurkeztutako ekimenarekin, bat egin dute datorren larunbaterako Euskalgintzaren Kontseiluak, "euskararen erasoaldia salatzeko" Bilbon deitu duen manifestazioarekin.

Legebiltzarrean egindako politika orokorreko eztabaida baten irudia. Argazkia: Eusko Legebiltzarra
Legebiltzarrean egindako politika orokorreko eztabaida baten irudia
Legebiltzarrean egindako politika orokorreko eztabaida baten irudia. Argazkia: Eusko Legebiltzarra

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta EH Bilduk akordioa itxi dute gaur, ostegunarekin, Eusko Legebiltzarrean, "euskararen biziberritzearen" eta "kontsentsu sozial handi baten" kontra egiten duten epaiak "irmoki" salatzeko. Gainera, ekimen horrekin, bat egin dute datorren larunbaterako Euskalgintzaren Kontseiluak, "euskararen aurkako erasoaldia salatzeko" Bilbon deitu duen manifestazioarekin.

EH Bilduk aurkeztutako mozioaren haritik iritsi da ituna. Horrekin, salatu dute euskararen normalizazioari erasotzen, eta Legebiltzarraren gehiengoak begi onez jotako udal legea urratzen ari direla.

Gauzak horrela, koalizio abertzaleak eta EAJk akordioa itundu dute, testua sinatu duten alderdien babesarekin soilik. Izan ere, Elkarrekin Podemos-IU abstenitu egin da, eta PSE-EE, PP, Vox eta CS alderdiek kontrako botoa eman dute.

Testuan, tokiko erakundeen 2/2016 legea babesten du Legebiltzarrak, baita erakundeek arau hori betearazteko duten eskumena eta gaitasuna ere. Hartara, Jaurlaritzari eskatzen diote 179/2019 dekretua aintzat hartzea, eta indarrik gabe utzi dituzten artikuluak defendatzea. Horretarako, egoki jo dute eskura dituzten medio juridikoez eta justiziak eskaintzen dituen aukera guztiez baliatzea.

Bestalde, Jaurlaritzari galdegin diote jarrai dezala "normalizazio eta biziberritze politikak garatzen, eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko euskal sektore publikoko erakundeek behar duten babesean sakontzen, etorkizunari begira euskarak dituen erronkei aurre egin ahal izateko".

Eztabaida saioan, EH Bilduko legebiltzarkide Jasone Agirrek kritikatu du "Espainiako botere judiziala euskararen aurka egiten" ari dela etengabe, eta normalizazioari eta biziberritzeari eraso egin dioten 15 epai existitzen direla dagoeneko. "Ez dira kasualitatea, ez dira kasu isolatuak, ongi antolatutako eraso bat baizik", salaketa guztiak berdinak baitira nonahi, eta indar ultraeskuindarrek, atzerakoiek eta gorrotoz betetakoek bultzatu baitituzte.

EAJko legebiltzarkide Aitor Urrutiak ere hartu du hitza. Horren ustez, "beldurraren sententziak" dira euskararekin lotuta auzitegiek emandakoak, "esparru horretan aurrera egitea planteatzen den bakoitzean, euskararen normalizazioak gaztelania desagertzeko beldurrarekin egiten du topo, nahiz eta horrek zentzurik ez izan, Euskadin osasuntsu baitago gaztelania; ez dakit, ordea, euskarari buruz gauza bera esan dezakedan".

PSE-EEko legebiltzarkide Alberto Alonsok azaldu du "hizkuntz eta kultur homogeneotasuna bilatzen dutenen aurrean", sozialistek kultur aniztasuna eta pluraltasuna defendatzen dutela, gogora ekarrita, demokrazian, epaileen lana dela "legeak betearaztea" eta "inork jokoaren arauak urratzen ez dituela zaintzea".

Elkarrekin Podemos-IUtik Isabel Gonzalezek hitz egin du. Kritiko agertu da, iritzi diolako azkenaldian besteri jaurtitzeko arma izaten ari dela euskara auzitegietan, eta horrek ez diola "inolaz ere euskarari eta euskal gizarteari mesederik egiten".

PPko Carmelo Barriok, bestalde, ziurtatu du ez dela "erasoaldirik", eta epaileak eta auzitegiak "legea betetzen" ari direla, "besterik gabe". "EH Bilduk hizkuntza bat inposatu nahi du, eta hori legez kontrakoa da", erantsi du.

Voxeko Amaia Martinez ere kritiko agertu da EH Bilduren mozioarekin. "Euskara denona da, eta euskaldun guztion ondarearen parte da"; horregatik, "posible da euskararen alde, baina, aldi berean, gehiegizko hizkuntza politiken aurka egotea", azpimarratu du.

Bukatzeko, Cs taldeko Jose Manuel Gilek ukatu egin du "eraso judizialik edo bestelako erasorik" egon denik; "obsesio nazionalistaren fruitu baino ez da", bere iritziz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Politika EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak EAEko Justizia Auzitegi Nagusia Kontseilua