Politika -
Madrilen
Vidal-Quadras Kataluniako PPko presidente ohiari tiro egin diote, eta Poliziak zio ideologikoak baztertu ditu
Vox alderdiaren sortzailea ere badena ospitalean dago, egonkor. Poliziak baztertu egin du tiroketak eragile ideologikorik izatea, eta sikario baten lana dela esan du.
eitb media
Aleix Vidal-Quadras Kataluniako PPko presidente ohi eta Vox alderdi politikoaren sortzaileari tiro egin diote aurpegian ostegun honetan Madrilgo kale batean paseatzen ari zela, Poliziak EFE albiste-agentziari jakinarazi dionez.
Hasiera batean, polizia-iturriek Europa Pressi adierazi diotenez, erlojuak lapurtzen saiatzen den talde espezializatu batek egin du erasoa. Ondoren, Europa Pressek kontsultatutako ikerketako iturriek azaldu dutenez, Poliziak ez du hipotesirik baztertu, baina susmatzen dute, orain arte jasotako zantzuengatik, tiroaren egileak enkarguz jardun zuela. Azkenik, Poliziak baztertu egin du tiroketak eragile ideologikorik izatea, eta sikario baten lana dela esan du, ikerketako iturriek EFEri jakinarazi diotenez.
Horien arabera, 13:30 aldera, Vidal-Cuadras kalean paseatzen ari zela, zain zituen bi pertsona, eta horietako batek tiro egin dio aurpegian, Madrilgo Salamanca auzoko Nuñez de Balboa kaleko 40. zenbakiaren parean.
Samur-Babes Zibilak jakinarazi duenez, zauritua bere kordean eraman dute Madrilgo ospitale batera; Udaltzaingoak, berriz, ingurua hesitu du.
Polizia-iturrien hitzetan, ikerketa giza hilketen unitatearen esku dago, eta momentuz ez dago atxiloturik. Polizia kasko beltza duen motozale baten bila ari da, tiroaren egilea delakoan.
Lehen ikerketen arabera, gizonezko bat Vidal-Quadrasengana hurbildu da, oinez, kasko batekin estalita, eta tiro egin dio. Aurpegian tiro bakarra jaso du, kokotsaren parean, hain zuzen ere.
Ondoren, hilketa-saiakeraren egileak oinez alde egin du, motor batera iritsi arte. Dirudienez, beste pertsona konplize bat zuen zain ibilgailuan, emakumea izan daitekeena, eta biek ihes egitea lortu dute.
Irango Erresistentziaren Kontseilu Nazionalak, duela urte askotatik Alejo Vidal-Quadrasekin lotura duenak, gogor gaitzetsi du politikari espainiarrak gaur jasan duen erasoa, eta "terroristatzat" jo du, Teherango erregimenak harekiko erakutsi duen gorrotoa gogora ekarrita.
Shahin Gobadi Kontseiluko kanpo arazoetako batzordeko kideak gogorarazi duenez, "domeinu publikokoa da erregimen klerikalaren ezinikusia" Vidal-Quadrasekiko, Teheranek terroristen zerrendan sartu zuen "lehen politikarietako bat" izan baitzen.