Politika -
Sukarrieta
Urkullu eta Pradales lehen aldiz elkartu dira jendaurrean lehendakarigairako proposamena publiko egin ostean
Lehendakariak eta EAJren zuzendaritzak lehendakarigai gisa proposatu duen hautagaiak elkar besarkatu dute, Andoni Ortuzar alderdiaren presidentearen eta beste kide batzuen aurrean. Pradalesek esan du "ohorea" dela zuzendaritzak bera proposatu izana.
agentziak | eitb media
Iñigo Urkullu lehendakaria eta Imanol Pradales lehen aldiz elkartu dira jendaurrean EAJren zuzendaritzak Pradales hauteskundeetarako lehendakarigai proposatuko duela jakin eta biharamunean.
Sabino Arana EAJren sortzailearen heriotzaren 120. urteurrena oroitzeko ekitaldian elkartu dira Urkullu eta Pradales, eta besarkada eman diote elkarri, Andoni Ortuzar alderdiaren presidentea eta zenbait sailburu aurrean zirela.
Pradales eta Urkullu aspaldiko ezagunak dira. Lehendakaria Pradalesen irakaslea izan zen Portugaleteko Asti Leku ikastolan, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko 4. eta 5. mailan.
Hain zuzen ere, lehendakariak kazetarien galderei erantzunez esan du "ondo baino hobeto" ezagutzen duela Pradales, bere ibilbidea jarraitu duela eta bere "bidelagun" izan dela.
Egun Bizkaiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatu denak, berriz, adierazi du "ohorea" dela EAJren zuzendaritzak bera proposatzea Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako zerrendaburu gisa.
Sukarrietan lore-eskaintzan eta mezan parte hartu ostean ohartarazi du militante jeltzaleak izango direla "datozen hilabeteetan erabakia hartuko dutenak". Ondorioz, "EAJren militantziaren erabakiaren zain" egoteko deia egin du.
Horren harian, lehendakariak esan du Pradales "behin betiko hautagai bada, EAJk hala erabakitzen badu", bere laguntza izango duela. Dena den, gogorarazi du "eskubete lan" duela oraindik Eusko Jaurlaritzan; izan ere, legealdia ez da bukatu, eta berari "Jaurlaritzari eustea eta lanean jarraitzea" dagokio. Iñigo Urkulluk ez du argitu noiz deituko dituen hauteskundeak.
"Belaunaldi erreleboa"
Bestalde, Andoni Ortuzar alderdiaren buruak salatu du azken egunotan "filtrazioak" izan direla komunikabideetan EAJren barruan "tentsioa" areagotzeko asmoz, "egia apur bat gezur askorekin nahastuz".
"EBBk barne prozesu bat ireki du, urtarrilaren 20an amaituko dena, euskal erakundeak esku gaztetuetan geratuko direla bermatuko duen belaunaldi erreleborako proposamenarekin, Euskadi askatasun nazional eta ongizate maila altuenera eramango duten eskuetan", gehitu du, Pradalesen hautagaitzari erreferentzia eginez.
"Duela 12 urte Urkullu lehendakariaren agintaldirako lotu genituen katebegiak, krisi ekonomikoei, pandemiei, gerrei eta gizarte gatazkei oso ongi erantzun dietenak, katebegi berriekin, indartsuekin, lotu behar dira, etorkizun oparoa bermatzeko", gaineratu du.