Politika -
SOZIOMETROA
EAJk irabaziko lituzke Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak eta EH Bildu igoko litzateke gehien
Alderdi jeltzaleak bi eserleku galduko lituzke, EH Bilduk lau irabazi eta PSE-EEk eta PPk bat, eta Elkarrekin Podemos - IUk hiru galdu. Voxek, ostera, ez luke ordezkaririk lortuko.
O. A. | EITB Media
EAJk berriro irabaziko lituzke Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, babesa galduta, eta EH Bilduk egingo luke gora gehien, Eusko Jaurlaritzak boto asmoari buruz gaur argitaratu duen azken soziometroaren arabera. Halaber, PSE-EEk eta PPk beren emaitzak hobetuko lituzkete eta Elkarrekin Podemos - IUk ordezkaritzaren erdia galduko luke.
EAJk eta PSE-EE gehiengoa lukete bien artean, baina EAJk bi eserleku gutxiago izango lituzke eta PSE-EEk, aldiz, bat gehiago. Lau irabazita, 25 eserleku lituzke EH Bilduk, PPk bat egingo luke gora (7), Elkarrekin Podemos - IU, berriz, 3 eserlekurekin geratuko litzateke, 3 galduta, eta Voxek ez luke ordezkaririk lortuko.
EAJk lehen indar izaten jarraituko luke (29 eserleku), EH Bildu (25), PSE-EE (11), PP (7) eta Elkarrekin Podemos - IU (3) koalizioaren aurretik.
Hala ere, EAJk ez luke irabaziko hiru lurraldeetan, izan ere, Gipuzkoan EH Bildu izango litzateke lehen indarra boto asmoan, boto estimazioan eta eserlekuetan.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, eserlekuen banaketa honakoa litzateke:
- Araba: EAJ 8, EH Bildu 7, PSE-EE 5, PP 4, Elkarrekin Podemos - IU 1
- Bizkaia: EAJ 12, EH Bildu 7, PSE-EE 3, PP 2, Elkarrekin Podemos - IU 1
- Gipuzkoa: EH Bildu 11, EAJ 9, PSE-EE 3, Elkarrekin Podemos - IU 1, PP 1
Araban, 2020ko hauteskundeetako emaitzekin alderatuta, EAJk eta Elkarrekin Podemos - IUk eserleku bat galduko lukete, EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk bat irabazi, eta Voxek ez luke bere ordezkaria mantenduko.
Bizkaian, Elkarrekin Podemos - IUk ordezkari bat galduko luke EH Bilduren mesedetan.
Gipuzkoan, EH Bilduk bi legebiltzarkide gehiago izango lituzke EAJren eta Elkarrekin Podemos - IUren kaltetan.
Soziometro hau egiteko datuak 2023ko azaroaren 21a eta 24a bitartean egin zen —biak barne— ordenagailuz lagundutako banakako telefonozko elkarrizketen bidez (CATI). Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak diseinatu du galdeketa, eta Ikerfel enpresa arduratu da datuak biltzeaz, EAEko biztanleriaren lagin adierazgarri bati egindako galdetegi egituratu eta itxi baten bidez. Landa lanaren % 97,6 osatuta zegoen Iñigo Urkullu ez dela berriro EAJren lehendakarigaia izango ezagutu zenean. Halaber, ondoren jakin zen Arnaldo Otegi ez dela EH Bilduren lehendakarigaia izango.
EAEko hiru lurraldeetako 18 urtetik gorako bizilagunak galdekatuko dituzte horretarako: Arabako 730 pertsona, Bizkaiko 1.315 eta Gipuzkoako 985; hau da, 3.030 pertsona elkarrizketatu dituzte guztira.