Politika -

Hauteskundeak

Eneko Andueza: "Sozialistok bakarrik gaude prest herrialde hau zuzentzeko"

Bilbon izandako ekitaldi batean PSE-EEko idazkari nagusiak adierazi duenez, "Hezkuntzan, Osakidetzan eta Ertzaintzan izandako gatazkek EAJren kudeaketa onaren mitoa zapuztu dute". "Sozialistok, ordea, inork baino hobeto gobernatzen dugu", gaineratu du Anduezak.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia, Bilbon. Argazkia: EFE
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia, Bilbon. Argazkia: EFE
Andueza: ''Hau ez da bi alderdiren borroka izango”

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak igande honetan azpimarratu duenez, "Hezkuntzan, Osakidetzan eta Ertzaintzan izandako gatazkek EAJren kudeaketa onaren mitoa zapuztu dute". Bitartean, Anduezaren hitzetan, sozialistek "frogatu" egin dute "inork baino hobeto" gobernatzen dutela.

PSE-EEren militanteen eta jarraitzaileen aurrean Andueza lehendakarigai gisa aurkezteko Bilbon egindako ekitaldian, Salvador Illa PSCko lehen idazkariak Alda ezazu gidoia 2024ko hauteskunde kanpainaren leloa txalotu du, "Euskadik behar duen aldaketa irudikatzen baitu".

Anduezaren iritziz, "autokonplazentzia, konformismo, neke eta gogogabetasunaren aurrean, sozialistok bakarrik gaude prest herrialde hau zuzentzeko". Ramon Rubial eta Patxi Lopezen ostean, hirugarren lehendakari sozialista izateko anbizioa azaldu du, "gizarte hobea, modernoagoa, bidezkoagoa, seguruagoa, irekiagoa, irribarretsuagoa eta zoriontsuagoa" lortzeko. 

"Datozen hauteskundeak biren arteko kontua izatea nahi dute batzuek, eta horiei ere asmoak zapuztuko dizkiegu", gaineratu du. "Erratu egingo dira. Asko esateko duen alderdi bat dago hemen. EAJ eta EH Bildu lehian arituko dira hurrengo hauteskunde autonomikoen kanpainan, ea zeinek ateratzen duen ikurrin handiena, baina gu ez gara sekula horretan borrokatuko, Euskadi ez baitago denbora galtzeko", esan du.

Anduezaren aburuz, EAJk kudeatzen dituen "Hezkuntzan, Osakidetzan eta Ertzaintzan izandako gatazka irekien aurrean", legealdi honetan sozialistek kudeatu dituzte "gatazka irekirik ez duten Jaurlaritzako sail bakarrak". "Ez da kasualitatea, lanaren, elkarrizketaren eta akordio bilaketaren ondorioa baizik", gaineratu du.

PSE-EEren idazkari nagusiaren hitzetan, bere alderdiak erakutsi du "ahots propioa" duela Jaurlaritzan, eta "irizpide propioa, alderdi zorrotza garen neurrian". Gainera, "Euskadin dagoen ezker erabilgarri bakarra" PSE-EE dela esan du, "EH Bilduk oso ezkertiarra dela diolako, baina ezkerraren eta independentziaren artean, independentzia aukeratzen du beti".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAEko hauteskundeak PSE-EE Hautagaiak Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak gaur Eneko Andueza