Politika -
Diputatuen Kongresua
Belarraren hitzetan, Sumarrekin haustea beste biderik ez dago, Kongresuan "ahots ausart bat" bermatzeko
Herritarren eta oinarrien aurrean arduraz jokatu dutela ere esan du, legealdian zehar, arlo ekonomikoan zein feminismoari dagokionez, neurri "handizaleak" bultzatu behar dituztela iritzita.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Podemoseko buru Ione Belarrak adierazi du Kongresuan Sumarrekin hausteko erabakia "zaila" izan dela, baina ez dutela beste biderik, baldin eta Kongresuan euren "ahots ausartari" eutsi nahi badiote.
Herritarren eta oinarrien aurrean arduraz jokatu dutela ere esan du, "legealdian zehar, arlo ekonomikoan zein feminismoari dagokionez, neurri handizaleak bultzatu behar ditugulako".
"Egoera gainditu du Podemosek. Gure alderdiarentzat zeharo zaila zen momentu bat atzean utzi dugu, eta indar berrituekin herritarrek eskatutakoa betetzen saiatuko gara, hots, eraldaketa ausarten, feministen eta handizaleen alde egingo dugu lan", ziurtatu du komunikabideen aurrean.
Gainerako lau diputatu moreekin batera, Belarrak aldarrikatu du Podemos politika ausartak sustatzeko "erreminta egokia" dela, iritzita Kongresuan ezinbestekoa dela, adibidez, Israel palestinar herriaren aurka genozidioa burutzen ari dela "argi eta garbi" dioen ahots bat —atzo, Podemosek ez zuen hitza hartzeko aukerarik izan Jose Manuel Albares Atzerri ministroaren agerraldian—.
EAEko datorren urteko hauteskundeei begira, eta Sumarren eta Podemosen balizko aliantzen inguruan galdetuta, Belarrak nabarmendu du tokian tokiko zuzendaritzek hartzen dituzten erabakiak errespetatuko dituela, erkidego bakoitzak erabakimena duela argi utzita.