Politika -

Eusko Legebiltzarra

EAEko aurrekontuak oposizioaren zuzenketarik gabe onartuko dira gaur, EAJk eta PSE-EEk atzera bota ostean

Joan den ostegunean, batzordean bozkatu ziren oposizioko taldeek eta Iñigo Urkulluren Gobernua osatzen dutenek aurkeztutako zuzenketa partzialak. EAJk eta PSE-EEk euren gehiengoa berriro baliatu zuten, gainerako taldeen alegazio guztiak baztertu zituzten.

2024rako aurrekontu proiektua Legebiltzarraren esku uzteko ekitaldia. Artxiboko irudia: EITB
2024rako aurrekontu proiektua Legebiltzarraren esku uzteko ekitaldia. Artxiboko irudia: EITB
2024rako aurrekontu proiektua Legebiltzarraren esku uzteko ekitaldia. Artxiboko irudia: EITB

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko 2024rako aurrekontuak gaur onartuko dira, oposizioaren zuzenketarik gabe, Eusko Jaurlaritza osatzen duten taldeek, EAJk eta PSE-EEk, horien guztien aurka bozkatu baitzuten.

Eusko Jaularitzako hiru sailek —Osasuna, Hezkuntza eta Lan eta Enplegua— 2024rako Eusko Jaurlaritzak prestatu duen aurrekontu proiektu osoaren (15.025 milioi euro) % 65 pasatxo jasoko dute. 

Proiektuak 4.896 milioi euro bideratuko dizkio Osasun Sailari, eta horietatik ia % 80 Osakidetzak jasoko du. Hezkuntza Sailak 3.672 milioi euro izango ditu datorren urtean. Besteak beste, ikastetxe publikoetako langileentzat aurreikusitako partida % 5,4 haziko da eta azpiegituretako inbertsioena, % 31,3.

Bestalde, Idoia Mendia lehendakariordea buru duen sailak, Lana eta Enplegua departamentuak, 1.177,4 milioiko partida izango du. Gehiena, 641 milioi euro, prestazioetara bideratuko dute: diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE, 382 milioi), bizitzeko gutxieneko bitarteko diru-sarrera (BGDS, 180 milioi), eta etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria (79 milioi). Lanbideri dagokion partida 1.161,7 milioikoa izango da

Irudia: EITB

EH Bilduren, Elkarrekin Podemos-IUren, PPren, Voxen eta Ciudadanosen osoko zuzenketak gainditu ondoren, legealdiaren azken urteko kontuak jasotzen dituen lege-proiektuaren txostena abenduaren 14an geratu zen prest, Eusko Legebiltzarrak gaur egingo duen osoko bilkuran behin betiko berresteko.

Joan den ostegunean, batzordean bozkatu ziren oposizioko taldeek eta Iñigo Urkulluren Gobernua osatzen dutenek aurkeztutako zuzenketa partzialak. EAJk eta PSE-EEk euren gehiengoa berriro baliatu zuten, gainerako taldeen alegazio guztiak baztertu zituzten eta testua aurrera atera zuten beren zuzenketak eta beste alderdi batzuekin hitzartutakoak erantsita.

Oposizioko alderdiek Eusko Jaurlaritzari leporatu zioten erabakitzeko interesik eza, EAJk eta PSE-EEk gainerako alderdiei helarazi zieten kexa bera, erkidegoko hauteskundeen hurbiltasuna argudiatuz.

Irudia: EITB

Leire Pinedok (EH Bildu) euren zuzenketak defendatu zituen eta Gasteizko Gobernuari egotzi zioten elkar ez ulertzearen erantzukizuna, PPko Carmelo Barriok egin zuen bezala.

Jose Manuel Gilek (Ciudadanos) aurrekontuak "kontinuistatzat" eta egungo erronkei aurre egiteko "desegokitzat" jo zituen, eta Elkarrekin Podemos-IUk ez zuen hitza hartu, eta Vox ez zen batzordean izan.

Eusko Jaurlaritza osatzen duten taldeetatik, Alaitz Zabalak (EAJ) esan zuen oposizioak ez duela "sinesten" bere zuzenketetan, EAJri eta PSE-EEri ez dietelako deitu horiek negoziatzeko. Bestalde, Ekain Rico sozialistak adierazi zuen oposizioaren alegazioek ez dutela "programa alternatiborik" eta ezin zirela babestu "konfrontazio egoera batean", bere ustez, osoko bost zuzenketekin eszenifikatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika EAJ-PNV Iñigo Urkullu Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa azken ordukoa Ekonomia albisteak PSE-EE Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Euskadiko Aurrekontuak 2024