Politika -
BARNE ARAUBIDEA
Ertzaintza agente bat ikertzen ari da, Amnistia Legearen aurkako protesta ultra batean parte hartzeagatik
EH Bilduk Legebiltzarrean egindako galdera bati erantzunez baieztatu du Erkorekak ikerketa abian dagoela. "Ultraeskuineko manifestazioetan ustez zerbitzuz kanpo zeuden ertzain batzuek bide publikoa moztu eta istiluak eragin" ote zituzten galdetu zuen EH Bilduk.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ertzaintzaren Barne Araubideko Zerbitzua agente bat ikertzen ari da, ertzain horrek, zerbitzuz kanpo, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen aurka azaroaren 12an deitutako protesta ultretan ustez izandako parte hartzeagatik.
Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak idatziz baieztatu du ikerketa abiatu izana, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak egindako galdera bati erantzunez.
Arzuagak sailburuari galdetu zion "ustez zerbitzuz kanpo zeuden ertzain batzuek" parte hartu ote zuten "ultraeskuineko manifestazioetan, bide publikoa moztuz eta lidergo jarrerak hartuz, istiluak eraginez".
Idatzian, sailburuak egiaztatu du Ertzaintzako agente bat identifikatu zutela mobilizazio horietan parte hartzeagatik, eta "Barne Araubideko Zerbitzuak barne-ikerketa bat hasi duela diziplina-gaitzespena merezi dezaketen jokabideak egon ote diren ebazteko".
Gainera, Herritarren Segurtasunerako Legea (Mozal Legea) hausteagatik ere salatu zuten agentea, baina Erkorekak ez du zehaztu zer leporatu zioten zehazki.