Politika -
Amnistia legea
PPk eta Voxek osoko zuzenketak jarriko dizkiote asteazken honetan amnistia legeari
CCk eta UPNk zuzenketarik ez jartzea erabaki dute, baina legearen aurka bozkatuko dute. Zuzenketa horien eztabaida eta bozketa datorren astean egingo da.
Agentziak | EITB Media
Asteazken honetan erregistratuko dituzte Diputatuen Kongresuan amnistia legearen proposamenari egindako osoko zuzenketak. Azkenean, Alderdi Popularrak eta Voxek soilik jarriko dituzte zuzenketa horiek. Bi alderdiek jakinarazi dutenez, testu alternatibo batekin erregistratuko dituzte zuzenketa horiek eta, ondorioz, bakoitzak bere bozketa izano du.
Bestalde, Coalicion Canariak eta UPNk zuzenketarik ez jartzea erabaki dute, baina, bi kasuetan, euren diputatuak legearen aurka agertuko dira bozketaren unea iristen denean.
Osoko zuzenketak erregistratzeko epea asteazken honetako 18:00etan amaituko da.
PP eta Vox lege-proposamenaren aurka agertu dira hasieratik, Konstituzioaren aurkakoa dela iritzita. Hala ere, proposamenak lehen iragazkia gainditu zuen Kongresuko osoko bilkuran abenduaren 12an, 178 diputaturen babesa jaso ondoren.
Osoko zuzenketen erregistroa egin ondoren, hurrengo urratsa Kongresuko osoko bilkuran horien gainean eztabaidatzea eta bozketa egitea izango da. Hurrengo astean izango da hori eta, kasualitatez, eztabaida Senatuaren egoitzan egin beharko da, Kongresuaren hemizikloan birmoldaketa lan batzuk egin behar dituztelako.
Aurreikuspen guztien arabera, PSOEk, Sumarrek, ERCk, Juntsek, Bilduk, EAJk, Podemosek eta BNGk osatutako Kongresuaren gehiengoak zuzenketa horiek atzera botako ditu.
Osoko zuzenketek beren ibilbidea betetzen dutenean, zuzenketa partzialekin jarraituko du legearen tramitazioak. Zuzenketa partzial horiek erregistratzeko epea urtarrilaren 16an amaituko da, Kongresuko Mahaiak luzatzen ez badu.
Sozialisten iturriek azaldu dutenez, zuzenketa partzialen epe hori luzatzeak ez du aldatuko Diputatuen Kongresuak legea urtarrilaren amaieran onartzeko aurreikusi duten egutegia. Halaber, PSOEk Junts eta ERCrekin testuaren aldaketa batzuk negoziatzeko tartea irabaziko luke.