Politika -

EAE-ko hauteskundeak

Euskadiko Podemosek, Sumarrek, Ezker Anitzak eta Equok batzarra dute gaur koalizio akordioa ixten saiatzeko

Lehendakarigaia nor izango den adostea omen da itunerako oztoporik handiena. Euskadiko Podemosek Miren Gorrotxategi proposatu du; Sumarrek, ordea, Alba Garcia.

Gorrotxategi eta Garcia, Podemos Euskadik eta Sumar Mugimenduak proposatutako hautagaiak. EITB
Gorrotxategi eta Garcia.
Gorrotxategi eta Garcia, Podemos Euskadik eta Sumar Mugimenduak proposatutako hautagaiak. EITB

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko Podemos, Sumar Mugimendua, Ezker Anitza-IU eta Equo-Berdeak alderdiek bilera dute gaur arratsaldean, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako koalizio akordioa ixten saiatzeko. Azken bilera izan liteke, eta ez dirudi ituna lortzea erraza izango denik. Lehenkarigaia nor izango den aukeratzeko dituzte taldeek, bereziki Euskadiko Podemosek eta Sumarrek, desadostasun gehien. Miren Gorrotxategi proposatu du koalizio moreak; Alba Garcia, Sumar Mugimenduak. 

Oztopoa gainditzerik badute, alderdi bakoitzeko zerrendaburuak eta aholkulari postuak adostu beharko dituzte. 

Ahoz gora, lau alderdien arteko koalizioaren aldeko apustua egin dute. Dena dela, alderdi morearen eta Sumar Mugimenduaren arduradunen esanei erreparatuta, badirudi aldapa gora egingo zaiela akordioa. 

Podemos Euskadirentzat "desleiala" da Sumar Mugimenduak Alba Garcia proposatu izana. Gogorarazi dutenez, Garciak lan kontratua izan du orain arte Elkarrekin Podemosekin. Gainera, udal hauteskundeetan  3. izan zen Bilboko zerrendan, eta boz orokorretan koordinazio taldean egon zen (Sumar Mugimendua jada sortuta zegoela). 

Pilar Garrido buru duen taldeak Miren Gorrotxategi proposatu du Lehendakaritzarako. Duela lau urte ere bera gailendu zen barne hauteskundeetan, Rosa Martinezen kaltetan (Lander Martinezen, gaur egun Sumarren, hautagaia izan zen Martinez). 

Bestalde, Alba Garcia "espazio politikoaren" hautagaia dela nabarmendu du Sumar Mugimenduak. Andeka Larrea bozeramaileak asteon Radio Euskadin esan duenez, taldeak "esfortzua" egin du hautagai "egokiena" topatzeko eta hartutako erabakia ez da Podemosen kontrakoa. Laukoaren aldeko akordioaren alde mintzatu bazen ere, ez zuen baztertu Equo-Berdeak eta Ezker Anitza-IU bakarrik joatea, baldin eta Podemos kanpo geratzen bazen. 

Bien bitartean, Ezker Anitza-IUk hautagaitza "anitza" defendatu du, eta Jon Fernandez legebiltzarkidea proposatu du hura osatzeko. Equo-Berdeak alderdiak, halaber, Carmen Muñoz bozeramaile eta Bilboko zinegotzi ohia planteatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAEko hauteskundeak Hauteskundeak Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Ezker Anitza Miren Gorrotxategi Equo Berdeak Sumar Mugimendua Alba Garcia gaur