Politika -

Salaketa

Sarek salatu du "kriminalizazio kanpaina" abiatu dutela Ituñoren aurka, eta erakundeei babesa eskatu die

Horrela erantzun dio Sarek, besteak beste, BMWren kontzesionario batek hartutako erabakiari. Izan ere, Ituño publizitate kanpaina batetik kanpo utzi dute, manifestaziora joateagatik, arrazoituz ez direla ezein ideologia politikorekin lotzen.

Itziar Ituño, iragan larunbateko manifestazioan. Argazkia: EFE
Itziar Ituño, iragan larunbateko manifestazioan
Itziar Ituño, iragan larunbateko manifestazioan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sarek salatu du "kriminalizazio kanpaina" abiatu dutela Itziar Ituño aktorearen aurka, ETAko presoen eskubideen alde iragan larunbatean Bilbon egindako manifestazioan parte hartzeagatik, eta babesa agertzeko eskatu die erakundeei, egoera horrek "oinarrizko eskubideei" eragiten diela iritzita.

Horrela erantzun dio Sarek, besteak beste, BMWren kontzesionario batek hartutako erabakiari. Izan ere, Ituño publizitate kanpaina batetik kanpo utzi dute, manifestaziora joateagatik, arrazoituz ez direla ezein ideologia politikorekin lotzen.

Ohar batean, Sarek ziurtatu du "Konponbiderako Giltza" ekimenak milaka herritarren babesa jaso duela, "euskal gizartean nahiz hemendik kanpo erreferente diren hainbat pertsonarena".

"Badirudi ez dela batzuen gustuko konponbidearen eta bizikidetzaren giltza eduki, eta horrekin sufrimenduari ateak ixtea, eta adiskidetutako gizarte bati irekitzea; gure gizartea plurala dela ulertzeko zailtasunak dituzten horiena, hain zuzen ere. Badirudi ez dutela nahi guk guztiok, gertatutakoa ahaztu gabe, etorkizunari itxaropenez begiratu ahal diogun egoera bat amestea", esan du.

Zentzu horretan, onartu du jakin bazekitela "oztopo askoko bidea" zutela aurretik, eta kritikatu "demokraziaz, justiziaz eta askatasunez" hitz egiten dutenek, kontzeptu horiek ahazten dituztela adierazpen askatasuna erabiltzeko orduan beren pentsamenduekin bat ez datozenekin. "Onartezina da", ohartarazi dute.

"Gaur Itziar Ituño dute jomugan, atzo Joxe Mari Agirretxe 'Porrotx'. Bihar beste norbait izango da, manifestazio, iritzi edo adierazpen eskubideez baliatzen den beste edonor", erantsi du.

Horregatik, lintxamendu publiko horren aurrean, "isilik ez geratzera" gonbidatu ditu erakundeak.

BMWk ez du aurrerantzean Ituñorekin kolaboraziorik egingo

BMWren Lurauto kontzesionarioak iragarri du ez duela Itziar Ituño aktorearekin kolaborazio gehiagorik egingo.

Sare sozialen bidez zabaldutako ohar batean egin dituzte adierazpenok. "BMW Lurauton ez gaude ezein ideologia politikorekin lotuta. Hortaz, benetan sentitzen dugu gure irudia ideologia zehatz batekin erlazionatu izana", argudiatu dute.

Iberiak Ituñoren bideo bat ezabatu du

Bestalde, interneten Ituñoren parte hartzeak sortutako harrabotsaren aurrean, Iberiak aktorearen bideo bat ezabatu zuen, "polemika ez hauspotzeko", konpainiak berak jakitera eman duenez.

Jaurlaritzak uste du onartezinak direla Ituñoren kontrako kritikak

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiria atsekabetuta agertu da Itziar Ituñori egindako kritiken harira. "Onartezinak diren egoerak eman dira, bizikidetza demokratikoa oztopatzen dutenak", esan du sare sozialetan zabaldu diren iruzkin anonimoei eta mehatxuei buruz.

Sareren manifestazioan parte hartu ostean Itziar Ituñori egindako kritikak deitoratu ditu Eusko Jaurlaritzak
Sareren manifestazioan parte hartu ostean Itziar Ituñori egindako kritikak deitoratu ditu Eusko Jaurlaritzak
Sareren manifestazioan parte hartu ostean Itziar Ituñori egindako kritikak deitoratu ditu Eusko Jaurlaritzak

1:15

Babes mezuak

Horrez gainera, hainbat politikari, pertsona publiko eta elkartek erakutsi diote babesa Itziar Ituño aktoreari. Miren Gorrotxategi, Ahal dugu koalizioko legebiltzarkidea izan da horietako bat.

Euskal Aktoreen Batasunetik ere bertako "lankide eta afiliatua den Itziar Ituñori elkartasuna adierazi" diote, "jasaten ari den erasoengatik". Entitate honek "pertsona guztien adierazpen-askatasuna" defendatu du. Horrez gainera, "bidegabeak" iruditu zaizkie "karrera profesionala ahultzeko egin diren ekintzak" eta enpresek hartutako erabakiak. Azkenik eskatu du ez dadila inor kriminalizatu "injustizien, legezkontrakotasunen edo lege-salbuespenen aurrean hartzen duen jarreragatik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Itziar Ituño