Politika -

Bake prozesua

Egibar: 'Rajoyren Gobernua zuhurtzia geldikorraz ari da jokatzen'

Bakea kudeatzeko "estrategia pasibo batetik beste malguago batera" igarotzeko proposamena egin du Gipuzkoako EAJko presidenteak. "Beste abiadura bat posiblea da", azpimarratu du.

Joseba Egibar Gipuzkoako EAJko presidentea. Argazkia: EITB
Joseba Egibar Gipuzkoako EAJko presidentea. Argazkia: EITB
Joseba Egibar Gipuzkoako EAJko presidentea. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Terrorismoaren amaiera kudeatzeko Mariano Rajoyren Gobernua "zuhurtzia geldikorraz" ari dela jokatzen adierazi du Joseba Egibar Gipuzkoako EAJko presidenteak. Honen esanetan, egungo egoera ekonomikoak "bigarren mailan" kokatu du bake prozesua baina, hala ere, "honek beste abiadura behar du".

EFEri eskainitako elkarrizketan EAJko legebiltzarkideak esan duenez, Josu Uribetxebarria ETAko presoaren egoeraren auzia, "zuhurtzia geldikorra" honen adibide argia da.

"Gauza bat da zuhurtzia izatea baina estrategia malgutu behar da, estrategia pasibo batetik beste malguago batera igaro", hain zuzen ere. "Beste abiadura bat posiblea da", azpimarratu du.

Indarkeria bertan behera uzteko ETAk emandako hitza egiaztatzeko "ETArekin harremana behar du izan Rajoyren Gobernuak", adierazi du Egibarrek, "bide batez, terrorismoaren amaiera txukuna lortzeko".

Euskal hauteskundeak

Egibarren esanetan, ez da Eusko Jaurlaritzaren "aurrekontu proiekturik izango", hauteskundeak azaroaren 11n, 18an edo 25ean izango direlako. "Patxi Lopezen azken erabakia, gustatu ala ez gustatu, hauteskundeen data ezartzea izango da", iragarri du.

Euskal Autonomia Erkidegoaren zorra "bider zortzi" handitu izana leporatu dio Egibarrek Lopezi. "Horrek oso egoera konplikatuan utzi du Euskadi", deitoratu du.

Hauteskundeen osteko itunei begira, Egibarrek ez ditu aukerarik aurreratu nahi izan. Hori bai, "Espainiak lagunduta, Euskadiko krisi ekonomikoari aurre egiteko akordio egonkorrak izan" beharko direla azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea