Politika -

Manifestazioa

Feijoo: "Herri hau demokratikoki erreskatatuko dugu"

Milaka lagunek (45.000, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren arabera) bat egin dute PPren deialdiarekin, eta kalera atera dira Madrilen Amnistia Legearen aurka, 'Espainiarren berdintasunaren defentsan' lelopean.

Manifestariak Madrilen, gaur. EFE.
Manifestariak Madrilen, gaur. EFE.
Manifestariak Madrilen, gaur. EFE.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak ohartarazpena egin dio igande honetan Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari: hautetsontzietan jasoko du zigorra eta  Gobernuak "amaiera" izango du "berandu baino lehen". Madrilen, Espainia Plazan eta milaka herritarren aurrean, Feijook azpimarratu duenez, "Espainia ez dago salgai", eta herrialde osoan piztu den "duintasun ekaitza indartsua da egunetik egunera". Horren ustez, herriak ez dio ezer barkatuko.

"Herrialde hau demokratikoki erreskatatuko dugu", esan du Feijook PPk Espainia Plazan 'Espainiarren berdintasunaren defentsan' lelopean deitu duen elkarretaratzean, Amnistia Legearen eta Pedro Sanchezen Exekutiboak independentistei egindako "lagapenen" aurka protesta egiteko. PPren arabera, 70.000 pertsona baino gehiago bildu ditu mobilizazioak; Gobernu Ordezkaritzaren arabera, berriz, 45.000 izan dira. 

Manifestarien oihu eta pankartetan, besteak beste, honako leloak entzun eta ikusi ahal izan dira: 'Puigdemont espetxera' eta 'Sanchez traidorea', 'Amnistia ez', 'Pedro Sanchez espetxera' eta 'Ferraz, sanchismoaren aurkako batasun oihua'. 

PPren arabera, Sanchezek Gobernuko Presidentetza "erosi" du Kataluniako politikarien "kasta" bati legeak onartzeko beharrezko "botoak inpunitateagatik" aldatuta, eta horrek gizartean eragindako "haserrea" kapitalizatzea izan da gaurko manifestazioaren helburua. Alberto Nuñez Feijoo PPko buruzagiarekin eta baroiekin bat egin dute, besteak beste, Mariano Rajoy eta Jose Maria Aznar Espainiako presidente ohiek.

Feijook eta bere kideek Gobernuaren aurkako tonua goratu dute azken boladan; are gehiago, PSOEren eta bere kideen artean zuzenketa bat adostu ostean, Tsunami eta Eskualdeetako Komiteen amnistia blindatzeko. Gainera, zuzenketa horren arabera, terrorismo delitua baztertu egingo da, salbu eta giza eskubideen "urraketa larriak" egon diren kasuetan. 

Popularren ustez, sozialistek "beti lortzen dute beherago erortzea", "ez baitago terrorismo onik eta txarrik, terrorismoa baizik", eta "ezin da inolaz ere amnistiarik eman". "Terrorismoa ez da ez estali ez barkatu behar, azkeneraino ikertu eta gaitzetsi baizik", esan zuen Feijook duela egun batzuk, ETAk 1995eko urtarrilaren 23an hildako PPko zinegotzi Gregorio Ordoñezen omenaldian.

Javier de Andres EAEko PPko presidentearen hitzetan, legea "pribilegioa" da politikarientzat, eta "askatasuna murrizten du". "Berdintasuna nahi dugu, Amnistia Legearekin justiziari egiten baitzaio kalte, politikari batzuei zigorgabetasuna emanez. Askatasunaren, berdintasunaren eta, batez ere, kalitate demokratikoaren murrizketa dakar", horren esanetan.

Laugarren aldiz deitu du PPk independentisten eta Amnistia Legearen aurkako gobernu itunen aurkako mobilizazio bat. Gaurko honek, ordea, bat egin du denboran Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia (BJKN) berritzeko Europako Batzordearen bitartekaritzarekin, PPren eta PSOEren arteko negoziazio-leiho bat irekitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika PSOE PP Espainiako Gobernua Espainia Alderdi politikoak Pedro Sánchez Javier de Andres gaur Eguneko albisteak Albisteak Madril gaur Azken ordukoa protestak Kataluniako Generalitatea Alberto Núñez Feijóo Espainiako Amnistia Legea gaur