Politika -

Diputatuen kongresua

PSOEk Juntsen zuzenketen aurka bozkatu du, eta Amnistia Legea airean dago orain

Kongresuak atzera bota ditu Amnistia Legeari jarritako helegite guztiak, ERCrenak eta EAJrenak barne. Azkenean, beraz, Ganberak bozkatuko duen behin betiko testua PSOEk aurkeztutakoa izango da.

Kongresua, gaur. Argazkia: EITB Media
Kongresua, gaur
Kongresua, gaur. Argazkia: EITB Media

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kongresuak errefusatu egin ditu Juntsek eta ERCk Amnistia Legeari aurkeztutako zuzenketak, eta ondorioz, Ganberak sozialisten jatorrizko testua bozkatuko du gaur arratsaldean.

PSOEk berak ere bozkatu du zuzenketon aurka, eta ondorioz, Amnistia Legea airean dago une honetan. Izan ere, Juntsek bere zuzenketak babestea jarri du baldintza gisa, sozialisten testuari argi berdea emateko.

Kongresuak EAJren eta PPren zuzenketak ere bota ditu atzera.

Osoko bilkura 15:00etan abiatu da Diputatuen Kongresuan. Behe Ganberaren onespena jasoko balu (gehiengo osoa behar du), Senaturako bidea hartuko luke legeak.

Lege proposamena PSOEk erregistratu zuen Kongresuan, aurrez Junts eta ERC taldeekin adostu bazuen ere. Gerora, joan den astean, Justizia batzordean hiru taldeek adostutako hainbat aldaketa onartu zituzten, baina testua are gehiago molda daitekeela uste du Juntsek, terrorismo delitu guztiak barne egon daitezen (Tsunami Democratic delakoaren nahastutakoak, adibidez). 

AGIAN ZURE INTERESEKOA DA: Amnistia Legearen gakoak

Hitza hartu duenean, Miriam Nogueras Juntsek Kongresuan duen eledunak PSOEri eskatu dio "epaile prebarikatzaileen" aurrean Amnistia Legea blindatu dezala. Horretarako, "testua moldatzea" ezinbestekoa dela iritzi dio politikari kataluniarrak. "Testua moldatu edota atzera berria Justizia Batzordearen esku utzi, ez dago beste aukerarik".

Bere aldetik, Pilar Valluguera ERCko diputatuak "aukera hau ez galtzea" eskatu du, eta Auzitegi Konstituzionalaren eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren "iragazki guztiak igaroko dituen amnistia bat" defendatu du. Hala, Kongresuko talde guztiei eskatu die legea bertan behera ez uzteko eta "baiezko botoa" emateko.

Euskal taldeei dagokienez, Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak esan du "Amnistia Legea positiboa eta guztiz beharrezkoa" izango dela "Kataluniako gatazka politikoari beste agertoki batean konponbidea" eman ahal izateko. "Aukera historikoa" dela iritzi dio. Ildo beretik, Mikel Legarda EAJko diputatuak nabarmendu du Kataluniako prozesu independentistak ez zuela inoiz "esparru politikotik atera behar". Amnistia Legeak "Konstituzioan lekua" baduela ziurtatu du.

PSOEren izenean, berriz, Francisco Arandak hartu du hitza, eta hasieratik, PPri zuzendu zaio: "Zuzenbide Estatua sendo dago. Espainia ez da hautsi eta ez da hautsiko, zuen esku geratzen ez den bitartean. Zuek agintean zeundetela, bi erreferendum eta independentzia deklarazio bat egon ziren. Gurekin, elkarrizketa". 

Azkenik, Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak aurreratu du bide judizial guztiak agortu arte egingo dutela Amnistia Legearen aurka. "Justiziara joko dugu, bide guztietatik eta tresna guztiekin", esan du.

Hitzaldien ostean, zuzenketak bozkatu dituzte, eta Kongresuak atzera bota ditu Junts, ERC eta PNV alderdiek aurkeztutako zuzenketa guztiak.

PPk azken unean erretiratu egin ditu iragarrita zituen 20 zuzenketak, artikulu guztiak indargabetzea eskatzen zutenak.

Etenaldiaren ostean, Osoko Bilkura 17:45ean hasiko da berriro, lege-proiektuaren bozketa egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Katalunia Politika Albisteak Alderdi Sozialista Delituak Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean ERC Kataluniako Generalitatea Junts per Catalunya Espainiako Amnistia Legea