Politika -
EITB Focus
Ardura eta indiferentzia nagusi EAEko hauteskundeen atarian
EITB Focus inkestak 2024ko otsailean kaleratu dituen datuen arabera, euskal herritarren gehiengoak arduraz eta indiferentziaz jarraitzen ditu aurten egingo diren Legebiltzarrerako hauteskundeak.
EITB Media
Eusko Legebiltzarra aukeratzeko egingo diren hauteskundeek sorrarazten dizkieten sentimenduen inguruan galdetuta, herritarren % 20k esan dute indiferentzia sorrarazten dietela. % 18,3, berriz, arduratuta ageri dira.
Silvan & Miracle enpresak EITB Focusen mikrodatuak aztertu ditu, eta EAJren hautesleen artean ardura nagusi dela ondorioztatu du. Galdetutakoen % 21,6k aukeratu dute erantzun hori.
EH Bilduren boto-emaileen sentimendua, berriz, bestelakoa da. Galdetutakoen % 25,5 itxaropentsu ageri dira.
PSE-EEren militanteen artean, ardura, indiferentzia eta itxaropena dira nagusi.
Indiferentzia handiena Elkarrekin Podemoseko militanteek erakutsi dute, horien % 34,3 horrela agertu baitira. Silvan & Miracleren analisiaren arabera, "datu horrek hautesleek alderdiarekiko duten desafekzioa eta deskonexioa erakusten du".
PPren jarraitzaileen artean, % 29,9 itxaropentsu ageri dira. Azkenik, hauteskundeen atarian, Voxeko jarraitzaileek esan dute beldur direla.
Metodologia
Bizitokia EAEn duten 1.800 pertsona elkarrizketatu dituzte EITB Focus inkesta egiteko (lurralde historiko bakoitzeko 600).
Galdeketak urtarrilaren 24tik 29ra egin zituzten, telefonoz.
Ikerketari buruzko zehaztasun sakonagoak edo beste adierazle estatistiko batzuk ezagutzeko, kontsultatu PDF osoa.