Politika -
EITB Focus
EAJ eta PSE-EE dira emakumeek nahiago dituzten alderdiak; gazteenek eta ikasleek EH Bilduren alde egiten dute
Azken EITB Focusen arabera, EAJ eta PSE-EE dira hautesle zaharkituenak dituzten alderdiak. PPk adin tarte guztietan ditu jarraitzaileak, eta EH Bildu gazteenen alderdi gustukoena da.
EITB Media
Euskal Irrati Telebistak kaleratu berri duen inkestan jasotzen denez, EAJ eta PSE-EE dira emakumeek nahiago dituzten alderdiak; gazteenek eta ikasleek, berriz, EH Bilduren alde egiten dute. Alderdi Popularrak, bere aldetik, adin tarte guztietan ditu jarraitzaileak.
Silvan & Miraclek EITB Focusen inguruan egindako analisiak boto-asmoari ere erreparatu dio, datuak lurraldez lurralde bereizita. Horren arabera, Araba da "lurralde lehiatuena". EAJk bertan jasotzen ditu emaitzarik eskasenak, PSE-EE indartsu dago eta PPk bertan lortzen ditu emaitzarik onenak. EH Bilduk Bizkaian baino emaitza hobeak lortuko lituzke Araban.
Bizkaian dago indartsuen Euzko Alderdi Jeltzalea, eta atzetik du EH Bildu. Gipuzkoan, berriz, alderantziz da; koalizioa da lehen indarra, eta jeltzaleak dira bigarren. Lurralde horretan lortuko lituzkete emaitzarik okerrenak PPk eta Elkarrekin Podemosek.
Hautesleen ikasketa mailari erreparatuz gero, ikasketarik gabekoen artean PSE-EEk lortzen ditu boto gehien. Goi-mailako ikasketak dituzten askok, berriz, EH Bilduren eta Sumarren aldeko hautua egiten dute.
Metodologia
Bizitokia EAEn duten 1.800 pertsona elkarrizketatu dituzte EITB Focus inkesta egiteko (lurralde historiko bakoitzeko 600).
Galdeketak urtarrilaren 24tik 29ra egin zituzten, telefonoz.
Ikerketari buruzko zehaztasun sakonagoak edo beste adierazle estatistiko batzuk ezagutzeko, kontsultatu PDF osoa.