Politika -

galiziako hauteskundeak

PPk Galizian duen gehiengoa gal dezake, BNG gero eta gertuago duela, CISen arabera

Ana Pontonen alderdiari gorakada handia aurreikusi dio hauteskundeen aurretik egin daitekeen azken inkestak. Nazionalistek 24-31 eserleku lortuko lituzkete, gehiengo osotik zazpi eskasera. PPk, bestalde, gehiengo osoa bermatu barik jarraituko luke, 34-38 diputaturekin.

Ana Ponton BNGko hautagaia da buruzagi estimatuena. Argazkia: EFE
Ana Ponton BNGko hautagaia, kanpainako mitin batean.
Ana Ponton BNGko hautagaia da buruzagi estimatuena. Argazkia: EFE

Agencias | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak Galiziako hauteskundeen harira egindako azken inkestaren arabera, BNGk nabarmen egingo luke gora, eta Alfonso Ruedaren PPk ez luke gaur-gaurkoz duen gehiengo osoa (38 ordezkari) bermatuta izango.

Otsailaren 5aren eta 7aren artean egindako galdeketak 34-38 eserleku aurreikusi ditu PPrentzat; BNGk 24-31 lortuko lituzke, gehiengo osotik zazpi ordezkari eskasera. Sozialistak izango lirateke hirugarren indar, 9-14 eserlekurekin. Hala, datuokin PPren gobernu alternatiba osatu ahalko lukete nazionalistek eta sozialistek. 

Galiziako hauteskundeetan boto-asmoari buruz egindako hirugarren CIS inkesta da honakoa. Hiruotan atzeman dute BNGren goranzko joera (azken inkestatik bost eserleku igo da, eta, zortzi, urtarrileko galdeketatik). Ifrentzuan, PP ez atzera ez aurrera dago, eta apenas aldatu da boto estimazioa. 

Azken inkesta horren arabera, baliteke Vox Galiziako Parlamentuan sartzea, ordezkari batekin. Sumarrek bi ordezkari lortuko lituzke (aurreko inkestan galdutakoa berreskuratuta) eta Democracia Ourensanak, bat. 

Hautagai guztiek egindako eztabaidaren ondotik, baina PP Kataluniako prozesuaren harira indultuak onartzeko prest egon zela jakin baino lehen egin zuten inkesta. 

Herritarrek gehien estimatzen duten buruzagien artean, Ana Ponton BNGko hautagaia da denen buru, 10etik 5,89ko nota eskuratuta (aurreko inkestarekin alderatuta —5,74—, hobetu egin du, gainera). Alfonso Rueda Xuntako presidentea da bigarrena, 5,29rekin. Gainerako hautagaiek (Besteiro sozialista edo Marta Lois Sumarreko hautagai) ez dute azterketa gainditzen. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Alderdi politikoak Hautagaiei buruzko albisteak Eguneko albisteak Albisteak Galizia Hauteskundeak Hauteskunde inkestak Galiziako Xuntaren albisteak gaur