Politika -

ESPAINIAKO GOBERNUA

ERCk jakinarazi du Feijooren inbestidurarako babesa negoziatzea proposatu ziola PPk

Ohar batean, PPk ukatu egin du ERCk zabaldutako informazioa, eta ziurtatu du errepublikanoekin "inoiz" ez zirela bildu Feijooren inbestidura negoziatzeko

Marta Rovira (ERC), artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Marta Rovira (ERC), artxiboko irudi batean.
Marta Rovira (ERC), artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iazko uztaileko hauteskunde orokorren ondoren, Alberto Nuñez Feijoo hautagai popularraren inbestidurarako babesa negoziatzea proposatu zion PPk ERCri. Hain zuzen, Carlos Floriano PPren diputatua joan zen proposamenarekin alderdi kataluniarreko ordezkariengana. Hala baieztatu du gaur Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak, SER Catalunya irrati-kateari Genevatik eskaini dion elkarrizketan.

"Hauteskundeen ondoren, abuztuan, Floriano (PP) Teresa Jordarengana (ERC) joan zen, negoziatzea proposatzeko. Hitz egitea nahi zuen, gehiengoa osatzeko negoziatzea. Ezetz erantzun genion, guk ez dugula PPkin negoziatzen. Bloke bakarra osatzeko aukera bakarrik zegoela, bloke demokratikoa", esan du Rovirak.

Hain zuzen, azken egunotan jakin da Feijooren inbestidurarako negoziazioen harira PPk Juntsekin izandako hartu-emanetan, popularrak amnistia legearen aukera aztertzera iritsi zirela, gero atzera bota zuten arren, eta Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiari hainbat baldintzekin indultua emateko aukera ere mahai gainean izan zuela Feijook.

Gai horri buruz galdetuta, Rovirak esan du ERCren "harreman politikoak gardentasunez" azaltzea dagokiola berari, eta "Juntsenak Juntsek" argitu beharko dituela.

Ohar batean, PPk ukatu egin du ERCk zabaldutako informazioa, eta ziurtatu du errepublikanoekin "inoiz" ez zirela bildu Feijooren inbestidura negoziatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika PP Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak ERC Alberto Núñez Feijóo Junts per Catalunya