Politika -

Koldo auzia

PSOEk ez du Abalosen kontra jardungo diputatu akta entregatzen duen ala ez jakin arte

Kongresuan sozialistek duten bozeramaile Patxi Lopezek iragarri du ikerketa batzordea lanean dela dagoeneko, eta lau hilabetez egongo dela auzia aztertzen, pandemia garaian musukoekin lotuta egindako kontratazioak argitu bitartean.

Jose Luis Abalos. Artxiboko argazkia: EFE
Jose Luis Abalos
Jose Luis Abalos. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oraindik erabat argitu gabe dago Jose Luis Abalos ministro ohiak Kongresuan daukan eserlekua utziko duen ala ez. Jakina da, ordea, PSOEren eskaerari entzungor egin diola, eta ez duela horretarako sozialistek eman dioten 24 orduko epea errespetatu. Haren aholkulari ohi Koldo Garciaren atxiloketaren ondotik dator PSOEren eskaria, pandemia garaian maskaren erosketan iruzur egin zuelakoan ari baitira ikertzen.

Espainiako Gobernuko Garraio ministro izandakoak Kongresuko Barne Batzordeko presidente kargua utzi zuen atzo, baina ez du oraingoz diputatu akta entregatu, bere alderdiari (PSOE) desobedituta.

Esan bezala, "ardura politikoagatik" diputatu akta entregatzeko galdegin zion atzo PSOEren Batzorde Federalak Abalosi, eta 24 orduko epea eman zion horretarako. Aho batez hartu zuten sozialistek erabakia, Esther Peña bozeramaileak zuzendaritza bileraren ondoren egin duen agerraldian jakinarazi zuenez.

Cadena SER irrati kateak gaur goizean aurreratu du Abalosek ez duela dimisioa emango, eta nahiago izan duela Kongresuko Talde Mistoan sartu. Zurrumurruak zurrumurru, Abalosen agerraldiaren zain dago PSOE.

Ikerketa batzordea

Kongresuan sozialistek duten bozeramaile Patxi Lopezek, bestalde, iragarri du ikerketa batzordea lanean dela dagoeneko, eta lau hilabetez egongo dela auzia aztertzen, pandemia garaian musukoekin lotuta egindako kontratazioak argitu bitartean.

"Guztiok dugu arriskua gure zerrendetan jarrera gaitzesgarriak dituzten pertsonak egoteko. Horren aurrean, baina, denok ez dugu berdin erantzuten. Guk irmo erantzun dugu", adierazi du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Berriak Politika Albisteak PSOE Espainiako Gobernua bideoak Ustezko ustelkeria politikoa Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa