Politika -

Lehen sektorearen protestak

Chiviteri Cabanillasen egindako erasoa gaitzetsi du Iruñeak aho batez, UPNko zinegotzi baten abstentzioarekin

Aitor Silgado UPNko zinegotziak ez du aldeko botorik eman, bere hiru alderdikideek egin duten bezala. UPN adierazpena "arintzen" saiatu da zuzenketa baten bidez, baina ez dute onartu.

Iruñeko Udalaren Presidentetza Batzordea, gaur. Irudia: EITB
Iruñeko Udalaren Presidentetza Batzordea, gaur. Irudia: EITB
Iruñeko Udalaren Presidentetza Batzordea, gaur. Irudia: EITB

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko Udalak gaitzetsi egin du gaur Maria Chivite Nafarroako presidenteak Cabanillasen jasandako erasoa, nekazarien protesta batean, UPNren eta PPren babesarekin, astelehenean Parlamentuan egin ez bezala. Bi alderdiek ez zuten erasoaz hitz egin nahi izan, istiluez baizik.

Testua PSNk aurkeztu du Presidentetza Batzordean, eta talde guztien babesa jaso du. Hala ere, Aitor Silgado UPNko zinegotzia abstenitu egin da.

Adierazpenak arbuiatu eta gaitzetsi egiten du Maria Chivite Foru Erkidegoko presidenteak Cabanillasen iragan ostiralean jasandako erasoa, eta errefusatu egiten du, halaber, erasoaren egileen eta haiei babesa ematen dietenen jokabide antidemokratikoa. Era berean, berretsi egiten du Estatu demokratikoarekiko, erakundeekiko eta haiek ordezkatzen dituztenekiko errespetua, eta Foruzaingoak egindako lanari babes osoa ematen dio.

UPNk adierazpena "arintzen" saiatu da onartu ez den zuzenketa baten bidez, baina azkenean alderdi erregionalistak aldeko botoa eman du. Hala ere, gainerako talde politikoen kritikak jaso ditu. Horrela, PPko eta UPNko zinegotziek desberdin bozkatu dute asteartean; izan ere, bi alderdi horietako parlamentariek ez zuten erasoaz hitz egin nahi izan astelehenean, Foru Ganberan.

Javier Labairu UPNko bozeramaileak azaldu duenez, "Cabanillasen gertatutakoa indarkeria ekintza gaitzesgarriak dira, ezin da indarkeria justifikatu".

Carlos Garcia Adanero PPko zinegotziaren ahotan, "Chivite egiten ari denaren guztiz aurka egon daiteke, baina ezin da beste alde batera begiratu eraso bat gertatzen denean. Onartezina da Foru Gobernuko presidenteari horrela eraso egitea".

Gainerako taldeek erasoa gaitzetsi dute, astelehenean Foru Ganberako Bozeramaileen Batzordean egin zuten bezala.

Iruñeko Udalean onartutakoa Tuteran erabakitakoaren kontrakoa da; izan ere, PSNk Maria Chiviteri egindako erasoaz hitz egiten zuen mozioa atzera bota dute, eta istiluez hitz egiten zuena onartu dute. Hori dela eta, Alejandro Toquero erregionalistak zuzendutako Udalak Javier Esparza bere alderdiko presidenteak astelehenean markatutako ildoari jarraitu dio.

Bestalde, ohar baten bidez, UPNk "erabat" gezurtatu du egunotan Maria Chiviteren aurka Nafarroako hainbat tokitan izan diren ekintzen atzean egon izana.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea UPN PSN Geroa Bai Nafarroa Tutera albisteak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Iruñeko Udala Nekazaritza María Chivite Nafarroako PP