Politika -
OSPAKIZUNA
Apirilaren 21eko hauteskundeei begira ospatuko dute Aberri Eguna EAJk eta EH Bilduk
Bakoitzak bere aldetik egingo ditu ekitaldiak, azken urteetan bezala. EAJk Bilboko Plaza Barria hartuko du, eta EH Bilduk Iruñeko kaleak zeharkatuko ditu. Ahal Duguk eta Sumarrek ekitaldi txikiak egingo dituzte.
agentziak | eitb media
EAJk eta EH Bilduk euskal nazioa aldarrikatuko dute Aberri Egunaren harira igande honetan, martxoaren 31n, egingo dituzten ekitaldietan, baina apirilaren 21eko hauteskundeak izango dituzte jomugan, kanpaina hastear den honetan.
Jeltzaleek hautesleak mugiarazteko deia egingo dute gaurkoan, hauteslekuetan garaipena lortzeko helburuarekin, eta horixe bera egingo du koalizio independentistak, aldarrikatzen ari diren "ziklo aldaketa" gauzatzeko.
Ekitaldi, eszenatoki eta lelo desberdinekin, EAJk eta EH Bilduk hauteskunde lehia betean ekingo diote Aberri Egunari, apirilaren 4tik 5erako gauean hasiko den hauteskunde-kanpainari begira, dirudienez erabakigarria izango baita jeltzaleek garaipena berresteko edo independentistek 'sorpassoa' lortzeko. Inkestek berdinketa teknikoa aurreikusi dutenez, badirudi herritarrak mobilizatzea eta zalantzatien botoak eskuratzea izango dela giltza.
Aurtengo Aberri Egunean ere, EAJk eta EH Bilduk Bilbo eta Iruñea aukeratu dituzte, hurrenez hurren, Aberri Eguna ospatzeko. Bilboko Plaza Barriak hartuko du jeltzaleen ekitaldi politikoa, eta Imanol Pradales izango du protagonista.
EAJk "Indar berria, Euskadi berria" leloa aukeratu du aurtengorako, Pradales lehendakarigaiak kanpainaurreko ekitaldietan aipatu ohi duen ideia. Pradalesen estreinaldia izango da hautagai gisa, aurreko urteetan ikusle izan ostean.
EAJk hauxe azpimarratuko du 2024 honetarako prestatu duen adierazpenean: "Euskal herritarrek erabakiko dute une oro erabateko askatasunera iristeko bidea". Euskadi "egunetik egunera nazioago" dela iritzita, "adostasun zabala" lortu nahi du EAJk EAEn autogobernuan sakontzeko, ondoren "indar nahikoarekin" defendatu ahal izateko Estatuan.
11:30ean hasiko den ekitaldi politikoan, Iñigo Urkullu, Andoni Ortuzar, Beatriz Berlanga EGIren Aberri Kontseiluko idazkaria eta Oihane Agirregoitia Europako hauteskundeetarako zerrendaburua igoko dira eszenatokira Pradalesekin batera.
EH Bilduk, berriz, 'Nazioa gara' izango du lelo Iruñean egingo dituen ekitaldietan. "Berdinen arteko euskal errepublika" aldarrikatuko du, euskal herritarrek "etorkizunaz libre eta demokratikoki" erabaki dezaten.
Nafarroako hiriburuan, koalizio subiranistak zenbait eremu eta jai giroko ekitaldi antolatu ditu. Eguerdian, manifestazioa abiatuko da Golem zinemetatik Antoniutti parkeraino, eta bertan, besteak beste, Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak hartuko du hitza.
Aberri Egunean parte hartuko duten milaka herritarrekin batera egongo dira Diana Riba Giner ERCko eurodiputatua eta Ruben Cela BNGko kidea, Europako hauteskundeetan elkarrekin aurkezteko akordioa egin ostean.
Ohikoa den legez, Ipar Euskal Herrian EH Baik egingo du ekitaldia, Uztaritzen hain zuzen ere, eta "euskal nazioarekiko errespetua" eskatuko du.
Ahal Dugu eta Sumar
Ahal Duguk eta Sumarrek ere egingo dituzte ekitaldi edo adierazpenak Aberri Egunaren harira. Alderdi morea 2016an hasi zen Aberri Egunean parte hartzen, eskubide sozialei lotutako "erabakitzeko eskubidea" aldarrikatuz. Azken urteetan, adierazpen bat kaleratu du.
Bestalde, Alba Garcia Sumarreko lehendakarigaiak agerraldia egingo du Bilbon, 11:30ean.