Politika -
Ustelkeria
Martxan da administrazio guztiek pandemian zehar egindako kontratuak ikertuko dituen Kongresuko batzordea
Senatuan, PPk eskatuta, Koldo sarearen inguruko beste ikerketa batzorde bat abiatu eta biharamunean, Kongresuak PSOEk bultzatutako beste batzorde bat osatu du. Alejandro Soler sozialista izango da baztordeko presidentea.
Agentziak | EITB Media
Administrazio guztiek pandemian zehar egin izan ditzaketen iruzurrezko kontratuak ikertuko dituen batzordea gaur eratu da Diputatuen Kongresuan, eta Alejandro Soler PSOEko diputatua izango da batzordeko presidentea.
Senatuan, PPk eskatuta, Koldo sarearen inguruko beste ikerketa batzorde bat abiatu eta biharamunean, Kongresuak PSOEk bultzatutako beste batzorde bat osatu du, pandemian zehar osasun-materiala kontratatzeko prozesuen inguruko "gertakariak eta erantzukizunak" ikertzeko, "irakaspenak" ateratzeko. Hala azpimarratu du batzordeko presidenteak, organo horretako Mahaia eratu ondoren.
Soler aldeko 180 botorekin aukeratu dute, eta PPk 137 boto zuri eman ditu. Erabaki beharreko agerraldiak "egokiak" izatea eta lana "errespeturik handienarekin" egitea nahi du mahaiko presidenteak.
Batzordearen Mahaia Engracia Rivera Sumarreko diputatuak (lehen presidenteorde izango da) eta Jose Vicente Mari PPko diputatuak (bigarren presidenteordea izango da) ere osatzen dute. Vox alderdi ultraeskuindarrak lehen aldiz izango du tokia legealdi honetan batzorde parlamentario batean. Izan ere, lehenengo eta bigarren idazkariak Mercedes Gonzalez diputatu sozialista eta Jorge Campos Vox alderdiko diputatua izango dira, hurrenez hurren.
Carlos Flores Juberias Voxeko diputatuak, batzordeko kideak, ez du argitu PPk babesaren truke Mahaian leku bat izatea eskaini dien ala ez, eta erantzun du "ezohikoa" litzatekeela tokirik ez izatea, Kongresuko hirugarren indar politikoa direnean. Alderdi ultraeskuindarra izan zen Kongresuko batzordea sortzearen aurka bozkatu zuen talde politiko bakarra -PP abstenitu egin zen-.
Behin batzordea eratuta, Mahaia berriro bilduko da datozen egunetan, agerraldi eskaerak eta jarraitu beharreko lan egitasmoa noiz aurkeztu behar diren zehazteko. Zentzu horretan, Sumarrek argi utzi du Ayuso eta haren bikotekidea deitzea eskatuko duela, eta PSOEk ate hori irekita utzi du, Alberto Nuñez Feijoo PPko buruaren balizko agerraldi eskaera bezala.
Espainiako Gobernuko beste bazkide batzuek ere, ERC edo Junts kasu, Madrilgo presidentearen agerraldia babestuko lukete, baina bi alderdi horietako iturriek adierazi dutenez, oraindik zerrendak negoziatzen ari dira. Agerraldien zerrenda horietan Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa edo Salvador Illa eta Carolina Darias ministro ohiak daude. Baita Miguel Tellado PPko bozeramailea eta Pablo Casado PPko presidente izandakoa ere.